Basozainek, izenak gardenki adierazi bezala, basoak osasuntsu mantentzen laguntzen dute. Egia esan, basoek eta oihanek ez dute basozainen beharrik denboran irauteko, milaka eta milaka mende bizirik iraun baitute gizakiok izarren hautsa baizik ez ginen bitartean, baita lehenagotik ere.
Baina gaur egun, basoengan eragiten dugun presioa eta ustiatze-lana kontuan hartuta, komenigarria zaigu basoaren berezko prozesua bera azkartu eta gure beharretara egokitzea.
Arlo politikoan sortzen diren oihan beltzetan, ordea, ezinbestekoa da basozainen lana, sobera sarriak izaten diren baso zaharretan argia sar dadin. Nafarroako Gobernuko basoari ustel-urrina darion honetan, bazter guztietako basozainak izugarri aztoratuta dabiltza, batzuk basoberritzeko garaia heldu dela sinetsita, besteak erortzear diruditen zuhaitz ustelak zutik iraunarazteko lanean.
Basoa bere horretan mantendu nahi duten azken horiek, ordea, Madril aldera jo dute, amaren altzora bezala, esanez garai bateko aizkora odoltsuak direla hemengo basoa soildu nahi dutenak. Eta Madrilgo basozainak, beren komunikazerrak martxan jarrita, bost minutuan aburu bat eta kontrakoa adierazteko gauza diren sozialistak estutu nahian dabiltza, ahal dela, Nafarroa nafarron beharrik gabe salbatzeko.
Tira, Nafarroako euria izanen da, eta ez Madrilgoa, gure basoak berdatuko dituena. Beraz, ea heldu den udaberrian gure basaburu forala basoberritzeko aukera dugun herritarrok, hazi bana landatuta, gu baikara basoaren benetako zaindariak.