AEKren eta IKAren elkarretaratzea, Nafarroako Jauregiaren aitzinean (Maialen Huarte)
IKA eta AEK euskaltegiek mobilizazio iraunkorra egiteari ekin diote. Helduak euskalduntzen diharduten euskaltegiek salatuko dute protesta horien bitartez, Gobernuak ez diela dirurik ziurtatzen eta orain arte zor dien dirua exijitu diote. Izan ere, urte eta erdi daramate euro bakar bat ere ikusi gabe. Iazko aurrekontuetan 245 mila euroko diru-saila zuen onartua gobernuak, baina ez die sosik eman. Eta aurtengo diru laguntzak banatzeko deialdiaz ere, gobernuak ez du deus esan oraindik.
Gaur egin dute aurreneko protesta, eguerdian, gobernuaren egoitzaren parean. Pankartetan hain zuzen, jaso ez duten diru hori izan da protagonista. 2012ko urriaz geroztik euro bakar bat ere ez baitute jaso AEK eta IKAko euskaltegiek. 2013an dirurik ez, 2014an izanen ote dugu, zioten bi pankartek. Kritiko azaldu dira AEK eta IKAko langile eta ikasleak. Helduen euskalduntzearen lana beregain hartu duten euskaltegiek ez dute diru publikorik jaso, eta hortaz, euren lana ez dago ziurtatuta Nafarroako Gobernuaren aldetik, nahi eta, Nafarroako herritarrek euskara ikasteko eskubidea ziurtatua beharko lukete izan, AEKko kide Helios del Santoren esanetan.
Euskara, Nafarroako hizkuntza den heinean, Gobernuak ziurtatu beharko luke euskara ikasteko eskubidea eta Gobernuak berak egin beharko luke eskaintza hori. Urteotan, ezer gutxi egin duela adierazi du IKAko Sagrario Alemanek.
Mobilizazio iraunkorra
Martxoaren 31 jarri dute euskaltegiek epe muga, Nafarroako Gobernuak dagokien diru-laguntza bana diezaien. Baina, bien bitartean, euskaltegiek egiten duten lana zein den kaleetan zabaltzen segituko dute eta protestatan Gobernuaren jarrera kritikatzen jarraituko dute.
Bigarrena, martxoaren 12an eginen dute, ordu eta toki berean.