Hainbat argazkitan ageri da Kiev-eko Independentzia plaza. Sua eta odola nagusi, han. Borroka odoltsuak ari dira gertatzen manifestarien eta segurtasun-indarreko kideen artean. Infernu txiki bat, Ukrainaren bihotzean, Europar Batasunaren atarian.
Eztabaidak odolaren mintzoari bide ematen dionean, arrazoia bigarren leku batean geratzen da. Konfrontazioak dramatismoaren eta epikaren bidea hartzen duenean, lausotu egiten da sakoneko arrazoia.
Antzera gertatzen da ebakietan. “Garbi dezagun odola lehendabizi, ikusiko dugu ondoren hezurrik hautsi ote den”, halatsu ohi diogu.
Politika estresatu eta gordinaren kontu hauetan, berdin: lehena odola; ondoren hezurra, muina.
Kontu hauetan, txarrena heltzen da epika hori guztia erretorika hutsala bilakatzen denean. Ez da urrunera begiratu behar, gure artean izan baitugu horretatik franko. Baina, gaur, Ukrainan da albistea. Handik datoz hildakoak… Infernua, atarian.