Ingelesez Ikasteko PAI Programa kezka eta zalantza franko sortzen ari da Nafarroako hezkuntzaren komunitatean, guraso eta irakasleen artean bereziki. Gai horri buruz hitz egin dugu Metropoli Forala saioan Kepa Yecora EILAS sindikatuko kidearekin.
Yecorak salatu du programa horrek ez duela plangintzarik. Ez hori bakarrik. Haren esanetan, “Nafarroako Gobernua PAI inposatzen ari da euskarari trabak jartzeko. Ez gaude ingelesezko programen aurka, baina Gobernua esperimentu gisa jaio zen eredua, sasi-eredua ari dela bultzatzen, inolako baloraziorik egin gabe”. Yecorak uste du lanean ari diren irakasleen trebakuntza ona dela. “Arazoa da programa zabalduz joan direnez, behar baino irakasle gutxiago dagoela. Gainera, Gobernua ez da huts hori konpontzen ari. Eskatu beharreko maila jaitsi besterik ez du egin”. Hala esan digu EILASeko ordezkariak.
“PAI programak ez du ingeles hiztun osorik sortuko".
Ernesto Delas irakasleak dio, PAI programak ez duela ingeles hiztun osorik sortuko. PAI A ereduan irakasle den Ernesto Delasekin ere mintzatu gara. Egun, Añorbeko eskolan ari da lanean. Aurretik D ereduan irakasle izan da. Bere ustez, “PAI programak ez du ingeles hiztun osorik sortuko. Alderantziz, elebakartasuna eraginen du, euskararen kaltetan”