Ez dakit zer gertatuko den Nafarroan sortu den egoera berri honetan, ez dakit une hauetan abiarazten ari den batzorde horrek noraino ahalko digun eman herritarrok behar eta eskatzen ditugun argibideak, eta ez dakit, ezta ere, herritarrok izanen dugun gure boza bozetan entzunarazteko eskatzen eta behar dugun aukera.
Baina badakit, ordea, oraingoan hainbat gauza gelditzen ari direla agerian, nabarmen, inoiz ez bezala. Maskarak erori dira Espainian, eta susmatu bai baina orain arte inoiz entzun ez duguna aitortu digute: Nafarroa estatu-arazoa da Espainiarentzat. Eta estatu-arazoa izanda, Espainia aldean ―eta, ustez, Espainiaren alde― batzuk prest daude gure alfonbraren azpian zikinkeriak gordetzen jarraitzeko. Halakoek, orain arte, hitz zuriak erabiltzen zituzten gurekin. Orain, egiaren gorria ikusten uztea beste erremediorik ez dute izan.
Eta agerian gelditzen ari dira, nabarmen.