Aitor Etxarte: Bortizkeria

Euskalerria Irratia 2014ko otsailaren 17a

Homs hirian helduak eta haurrak korrika kotxe zurietara igo nahian, ihes desesperatuan, lurra tapizatua abandonatu dituzten maletez. Zorroak hilik dira, ke eta hauts artean, jabeek gogoan dutenaren lekuko.

Ceuta hirian gizon gazteak imajinatzen ditugu muga zarrastatzaileak gainditu nahian hesitik gora, txarrantxak haragia apurtuz edo uretan hondartza zapaltzeko amorruz, herioari iskin eginez.

Eta gehiago.

Herio batzuk besteak baino garestiagoak dira. Tragikoak diren asko beldurtu edo haserretu egiten gaituzte, baina ez gara hunkitzen. Ohiko berriak bihurtu dira, beste geografietan gertatzen dira, beste gutarren istorioak dira, gugandik urruti. Eremu hurbilekoak ez diren heriotzek, dirudienez, melodrama edo fikzioaren egitura eduki behar du gure sentimenduetan eragina edukitzeko. Ematen du, nobela arrosaren egitura, pelikula erromantikoena, edo amodiozko kantuen tankera hartu behar duela besteen gogoa astintzeko.

Pobre, langile, erresistenteen heriotzaren berri protagonisten izenik eta biografiarik gabe saltzen digute. Ez dakizkigu beraien paisaiak eta ametsak. Maite dituztenak ez ditugu ezagutzen. Begiradarik ez dute, umezurtzak dira.

Bi kasuetan legearen indarrez ari gara, bortizkeri legitimoaz.

George Bernard Shawek idatzi zuen “indar hutsa erabiltzeko boterearen distira eta maiestatea behar da, zentzuak eta imajinazioa estutu eta ikaratu egiten dituena, urrezko jauregi handiak erakutsiz edo armaden bidez bizitza eta hondamendia bideratzen duena”

 

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!