Santi Leone historialari, pentsalari eta iritzi-emaileak astelehenero gaurkotasunari buruzko dekalogo multimedia plazaratzen du Metropoli Forala saioan. Hona hemen aste honetakoa:
Zer erran du?
- Mintzatzen delarik ez dugu normalean jakiten zer adierazi nahi duen (zer erran du?, galdegiten diogu gure buruari Philippe Katerine-rekin batera), baina kontua da Roberto Jimenezek erronka bota diola Barcinari: honek hamabortz egun ditu dimititzeko, edo zentsura-mozioa aurkeztuko du PSNk, edo ez, edo, tira, bueno, zera, zer edo zer eginen du Robertoren alderdiak...
- Zer edo zer eginen du, Madrilen baimena ematen badiote, jakina. Momentuz, Elena Valencianok argitu dizkigu PSOEren asmoak: Bildurekin ez goaz inorat adierazi du, baina gero bertze batzuek gaineratu dute Bilduren botoak onartuko lituzketela, baina Bildurekin paktatu gabe... Halere, albistea eman duen kateak, Antena 3k, argi utzi du Bildurekin paktatzea deabruaren paktatzearen pare dela.
- Ez da bakarrik Antena 3 izan: El Mundok, ABCk eta La Razonek ez zuten Idoia Nievesen adierazpenik jaso, baina berehala ekarri dute beren azaletara Nafarroa arriskuan dagoela: ustelkeriagatik? Eskandaluengatik? Gehiegizko dietengatik? Dirua alferrikako obretan xahutzeagatik? Ez, Barcinak boterea galtzen ahal duelako.
- Nafarren ehuneko jakin bat ez da inor: zentsura-mozio batek inork nahi ez dituen ondorioak ekar litzakeela erran du Fernandez Diaz Espainiako Barne Ministroak: Nafarroa estrategikoa da Espainiarentzat, eta zernahi egin behar da abertzaleak agintera inoiz ailega ez daitezen, gaineratu du zinez eskertzekoa den egiatasunarekin.
- Eta zer erran dute txiolariek Tafallan izandako istiluei buruz?: nazismoa, faxismoa eta totalitarismoa, haurren manipulazioa... Antza, bakar bati ere ez zaio bururatu jendea haien ustelkeriaz kokoteraino dagoela.
- Eta ez dakigu honetaz guztiaz zer erranen zukeen Intereconomiak, emititzeari utzi diolako. Agur bero bat asteroko dekalogo honetarako hainbat albiste eman dizkigun kateari.
- Iñaki Azkunak erran du ez dituela Bilboko udaletxetik alkate frankisten potretak kendu behar, hori historiari uko egitea litzatekeelako. Historia errespetatu behar da, bai, baina historiako protagonista batzuk publikoki omentzea gehiegitxo ez ote den...
- Jose Manuel Durao Barrosok erran du, inolaz ere eraginik nahi izan gabe, balizko Eskozia independente batek zaila izanen lukeela Europako Batasunean sartzea. Europan muga berriak ezartzea arrunt itsusia da, non eta muga horiek balio ez duten etorkinik sar ez dadin.
- Valentziako Generalitatek azaldu du valentziera Valentzian baizik ez dela mintzatzen, eta Valentziako Akademia behartu nahi du, honek eman duen definizioa (Herrialde Katalan guziak barnean hartzen dituena) aldatzera. Valentzia aldean, zenbait politikarik zer erraten duten ez ezik, zer hizkuntzatan erraten duten ere ez baitakite.
- Baina lasai, ez da ezer gertatzen, erran digu Ana Malagonek. Hala baitu izena haren lehen liburuak. Ereinek kaleratu du, eta arras itxura ona du.
Aste interesgarria izan dugu: Nafarroan sutan ote dago? Hala bada, bada, vive le feu.
[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=2NAy4csVdtU&feature=kp[/youtube]