Nafarroako Parlamentua, artxiboko irudi batean
Ziurgabetasuna nagusi, etor litekeenaz Nafarroako Gobernuaren baitan. Une honetan ziurra dena da, ikerketa batzordeari ekinen diola. Aho batez onartu du Nafarroako parlamentuak Lourdes Goikoetxearen kontrako salaketak eta Foru Ogasunaren benetako egoera zein den argitzeko ikerketa batzordea sortzea. Astelehenean finkatuko du egutegia horretarako Mahai eta Eledunen batzarrak.
Batzorde hori sortzea garrantzitsu jo du oposizioak, oso larriak direlako Idoia Nievesek eginiko salaketak. Bilkura areto barruan zein kanpoan dena dela, zentsura mozioa, maiatzean hauteskundeak egiteko aukera eta sozialisten jokaerarekiko zalantzak. Horiek guztiak entzun dizkiegu alderdi politikoetako ordezkariei.
Hauteskundeak gertu egon litezke
Yolanda Barcinak aitortu du “aukera handia” dagoela maiatzean hauteskundeak izateko. Nafarroako Presidenteak ez du dimisioa emateko asmorik, baina oso litekeena da bai, Maiatzaren 25ean hauteskundeak izatea Nafarroan, zentsura mozioa tarteko. PSNren jarrera kritikatu du Barcinak. Uste du, ikerketa batzordea sortzeko nahia estrategia politiko hutsa dela.
Estrategia izan edo ez, ikerketa batzordea osatzea aho batez atera da aurrera Parlamentuan. Ogasunean gertatu dena argitzeko beharra nabarmendu du oposizioak eta UPNek babestu egin du.
Dimisiorik ezean, zentsura mozioa babestu du oposizioak
PSNk berretsi duena, Nafarroako Gobernuaren egoera jasangaitz honetan, ezinbestean ziklo politikoari amaiera eman behar zaiola. Lehenik, ikerketa batzordean zer informazio aterako den ikusi, gero Yolanda Barcinak dimisioa emanen duen jakin eta hori hala ez balitz, zentsura mozioa ez du baztertu Jimenezek, izan ere, nabarmendu du, bera dela Nafarroako PSOE. Gaineratu du ez dela sigla kontua, ez dela PSNren nahia, baizik, Nafarroaren egoera berbideratzeko beharra. Eta arduraz jokatuko duela berretsi du.
Ogasuneko zuloa eta egoerak ezer onik ez duela ekarriko uste dutenez, UPNren zikloa amaitzea ezinbestekoa dela ohartarazi du EH Bilduk. Maiorga Ramirezek zentsura mozioaren zehaztasunak finkatzeko beharra azpimarratu du.
Ikerketa batzordea eratzearen garrantzia nabarmendu du Aralar-Nafarroa Baik. Eta era berean, Txentxo Jimenezek esan du PSNren zentsura mozioaren proposamena ona dela, baina ohartarazi dio ezin duela Bildurik gabe aritu.
Geroa Baiko eledunarentzat ikerketa batzordean argitu beharrekoak azalera eramateko aukera izanen da, baina ez da hori nahikoa izanen eta hauteskundeak ezinbestean etorri behar dira.
Izkierda-Ezkerrako kideak, pozik PSNren jarrera aldaketarekin. Joseba Ezeolazak esan du, gainerako oposizioko taldeengana hurbildu dela PSN.
Gaur Parlamentuan 50 botorekin, aho batez onartu den ikerketa batzordearen osaketaren urrats berriak astelehenean iritsiko dira. Egutegia finkatuko dute parlamentuko taldeek eta hortik aurrera ekinen diote ikerketa batzordeari.
Parlamentuan entzun ditugunak horiek, alderdi batzuen artean tentsioa nabarmena zen kazetarion galderen erantzunetan. Kanpoaldean berriz, protesta ugari, jendetza bildu da eta txistu artean sartu dira Parlamentura alderdikide asko.