Gure solasaldiko parlamentariak, artxiboko irudi batean
Oposizioko parlamentariak Metropoli Forala saioan izan ditugu. Denak bat datoz: ikerketa batzordea beharrezkoa da, baina ez nahikoa. Zur eta lur utzi zituen atzo Idoia Nievesen agerraldiak. Erabateko sinesgarritasuna eman diote Idoia Nievesi. Egin dituen salaketak, zehatz bezain larriak direla uste dute, eta horregatik, ezinbestekoa da ikerketa batzordea Parlamentuan, baina ez da nahikoa. Hauteskundeak behar dira. Sozialistek dute orain ere azken hitza…
"Politika egiteko modu bat agerian utzi du, beste behin, Idoia Nievesen agerraldiak", hala uste du AralarkoZabaletak.
"Krisi politiko-instituzional sakon baten aurrean gaude", dio Izquierda-Ezkerrako Ioseba Ezeolazak.
Bilduko Aitziber Sarasolaren idurikoz, "UPNk ezin du Gobernuan jarraitu egun bakar bat gehiago". Baina, sozialistengan ez du konfiantza handirik.
Baikorrago azaldu da Geroa Baiko Manu Aierdi, "sozialistak ere konturatzen direlako atzokoa jauzi kualitatibo bat dela".
Denak bat datoz esaterakoan ez dagoela batere garbi honek guztiak zer ekarriko duen. Duela urtebete lehertu zen Nafarroako Kutxa auzia. Orduan ere ematen zuen Barcinaren gobernuarenak egin zuela. Eta hortxe jarraitzen du.
Nolanahi ere, Diario de Noticiaseko kazetari Ibai Fernandezen aburuz, azken orduotan lehertu den eskandaluak desgaste izugarria eraginen dio UPNri, eta Barcinak erabakiren bat hartu beharko du. Fernandezek uste du PSNk ez duela zentsura moziorik aurkeztuko ez babestuko. Horretarako epea martxo amaieran amaitzen da. Denbora gutxi dago.
Berria egunkariko Joxerra Senarrek, bere aldetik, uste du Lourdes Goikoetxeak ezin duela Gobernuan jarraitu. Eta sozialistek zentsura mozioa babesteko aukera ere ez du guztiz baztertzen.
Beste iritzi bat ere gaineratuko dugu. Aingeru Epaltzarena. Hauxe Metropoli Forala saioan gaur honetaz guztiaz egin duen analisia.
Lerroon azpian, guztion audio grabazioak.