Epikurok atsegin sentsualak eskaintzen duen bidea proposatu zuen, ez persona sentsualitatearen mendeko geratzeko, oinaze fisikoak eta barne-arrangurak uxatzeko baizik. Ataraxia edo bizitzako gorabeheren kezkarik gabeko egoera lortzeko, heriotzaren beldurra kentzea ezinbestekoa dela zioen. Hedonismoaren jarraitzaile garrantzitsuena da.
Bere zenbait esaldi gogoangarri bildu ditu guretzat Josetxo Azkonak “Epiktetoren kutxa” saioan.
* Jainkoak? Agian izan, badira. Hori ez dut baieztatzen, ez ezeztatzen; zeren eta jakin ez baitakit eta gainera ez dut bitartekorik hori jakiteko. Baina jakitun naiz -hori bizitzak egunero erakusten didalako-, baldin eta Jainkoak badira, ez direla gutaz ez arduratzen ez gogoetatzen.
* Prest dago Jainkoa gaizkiari aurre egiteko, baina ezin du egin?
Orduan Jainkoa ez da ahalguztiduna.
Jainkoa ez dago prest gaizkiari aurre egiteko, nahiz eta hark aise
egin zezakeen? Orduan gaixtoa da.
Jainkoa prest dago gaizkiari aurre egiteko eta gainera egin
dezake? Hala bada, zergatik dago gaizkia munduan?
Jainkoa ez da gai gaizkiari aurre egiteko eta gainera ezin du egin?
Orduan, zergatik deitzen diogu Jainkoa?
* Jan eta edan dezagun, zertaz eta, bihar hilen baikara.
* Meditazioa eta ongi bizitzen jakitea eta ongi hiltzea gauza bera dira.
* Gorputza, amodio gertakarietan, espirituaren ezinbesteko alderdi bat da.
* Justiziaren fruiturik handiena gogo-baretasuna da.
* Jakintsua ez da saiatuko erretorika-artea menderatzen, eta ez du politikan parte hartuko, eta errege izaterik ez du nahi izanen.
* Gozamena da bizitza zoriontsuaren hasiera eta amaiera.
* Heriotzaren beldur bizi den hori ergel handi bat bertzerik ez da, zeren eta hura minez baitago, heriotzaz pentsatu bitartean,
* Askatasuna eta anarkia autarkiaren fruiturik gozoenak dira.
* Iritsiko zaizu memento bat, non zureak egin duela pentsatuko baituzu. Horixe izanen da zureak egin duelako hasiera.
* Han non plazera existitzen den -hark dirauena dirauela-, ez dago ez minik, ez tristurarik, ez bataren ez bertzearen nahasketarik.
* Aski ez da deus, aski horrekin konformatzen ez den horrentzat.
* Jende askorentzat, ondasunak irabazi izana ez da haien miserien akabera izan, baizik eta miseria batzuen truke beste miseria batzuk bereganatu izana.
* Gazte zaren bitartean, ez egon uzkur filosofatzeko, eta filosofatzeaz ez nekatu, zahartzaroan iristean. Zertaz eta, gogoa kementsu izateko, inor ez baita zaharregia sekula, ez eta gaztegia ere.
* Aberatsa izan nahi duzu?... Bada, ez saiatu zure ondasunak handiagotzen, baizik eta zure diru-gosea apalagotzen.
* Mundu oro bizitzatik doa, jaio berri izan balitz bezala.
* Neurriz gaineko haserrealdiak eromena dakar berekin.
* Heriotza kimera bat da: zeren eta ni naizen bitartean, heriotza ez da; eta heriotza denean, ni ez naiz jada.
* Gozamena da lehenbiziko onura. Horrek erran nahi du gorputzak minik ez duela eta gogoa soseguan dagoela.