Ingelesa txerto gisa darabil Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua, euskararen birusari aitzin egiteko eta D ereduari indarra kentzeko. Iribas kontseilaria da politika guzti horren arduradun nagusia.
Iribas jauna. Iruñeko udaletxean hezkuntza zinegotzi izan zena. Orduan isilik gelditu behar izan genuen, baina orain, urteak pasatuta eta protagonista gehienak karguetatik mugitu direla aintzat hartuta, konta dezakegu pasadizo esanguratsu hura.
Iruñeko Musika eskolako ikasleen %50ek baino gehiagok, gehienek alegia, Musika Lengoaia euskaraz ikasi nahi zutela adierazten zuten garai hartan. Gurasook ikasgai hori euskaraz irakatsiko zuten irakasleak eskatu genituen. Udaletxera joan zen gurasoon ordezkaritza Iribasekin batzartu eta behar hori azaltzera. Iribasek azaldu zien Musika Eskolan ikasgaia euskaraz ere irakatsi izan bazen ordura arte, bertako irakasleen borondatez izan zela, baina ez legez horrela arautua zegoelako. Ondotik, euskararen presentzia Iruñeko musika eskolan horrelaxe definitu zuen: “Por la caridad entró la peste” (Karitateagatik izurria sartu zen).
Horixe da, hain zuzen ere, UPNko arduradun politikoentzat euskara: izurria. Beraientzat ez dute nahi, baina ez dute ondokoek edukitzea nahi ere, egunen batean kutsatuko direnaren beldur, edo.
Eta gure zergekin gu zaintzapean gaituzten polizia eta militarren armak ordaintzen dituzten bezala, gure diruarekin finantzatzen dute, oraindik orain, gure hizkuntzaren aurkako espainiar gurutzada nazional-katolikoa.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!