Jendartearen iritzien alde hitz egiterakoan entzuten digute. Dioguna ingururako deserosoa, ezohikoa denean, aldiz, ez dago aukerarik. Zaila da hitz heterodoxoa, ez-legitimoa, orokorrak diren sinesmekin kritikoa delako.
Sarritan, gizarte mugimenduetan ez ditugu menpekotasunetik libratzeko armarik. Besteak beste, arazoa oker planteatzen dugunean, balizko erantzunaren balioa galtzen delako. Eguneroko bizitzak adibide ugari ematen dizkigu. Azken hilabeteetan gure gertuko historian tabu bihurtu dena, ETAren bortizkeria, familiek duten tabu sakratuarekin, haurren babesarekin, lotu dute. Korapilo perfektua.
Zein izan da erantzuna? Sindikatu, komunikabide eta alderdi politiko zenbaitek, Nafarroako irakaskuntza publiko euskaldunaren aurkako marketin kanpainari aurre egiteko, besteek jarritako bidetik jo dute, besterik gabe, kontrarioen lan zikina debalde zabalduz. Diskurtsoa osatzerakoan, argudiaketari garrantzia eman diote? Noiz arte luzatuko dute, etekinik gabe, gaia Parlamentuan? Euskalgintza eta irakaskuntza publikoaren agenda nork ezarriko du? Noren mesederako bultzatu dute hizkuntzen ereduen “elkarbizitzarako” eztabaida? Gauza izango dira egunkarietan edo sarean banakako hiritarren iritzi kritiko eta berritzaileak kontutan hartzeko? Alor anitzeko adituen ideiak kafe baten truke entzungo dituzte? Salaketa egin ondoren, ekimen eraikitzaileak aurkeztuko dituzte?
Pierre Bourdieuk, soziologo ezagunak, dio “menpekotasun sinbolikoaren bortizkeria era suabean, ia oharkabean, inposatzen da sufritzen dutenen konplizitatearen indarrez.”