Amatxiri bi anaia kendu zizkion gerrak. Aitatxiri bertze bat. Horietako biren gorpuak Bera eta Lesakako hilerrietan daude lurperatuak. Hirugarrena non dagoen, aldiz, ez dakigu. Kataluniako bide bazterren batean ote dagoen da susmoa. Susmo hutsa.
Gurea bezalakoak milaka kasu daude, eta ederki dakigu horretaz nafarrek. Deus guti mugitu da egia jakiteko eta ezagutzera emateko. Soilik familiek eta elkarteek lan egin dute egia jakitearren.
Orain Nazio Batuen Erakundeak belarritik tira egin die estatuko administrazioei. Eta hauek entzungor egin diote, bertze behin. Inork ez du txintik erran. Inork ez du gogoetarik egin.
Eta guk, bi egia behar ditugu: norbanako gisa, zer gertatu zitzaien jakiteko, bata; eta bertzea, berriz, kolektiboa. Horiek agerian paratzen ez diren bitartean, giza eskubideak urratzen segiko dute erakundeek. Eta ez diot nik bakarrik, Nazio Batuen errelatoreak hirugarrenez erran du urtebeteko epean. Eta ez zaie axola. Guri bai, egia zor digutelako.