Nafarroako Gobernuan hiru departamentu nagusi daude: Osasun, Hezkuntza eta Ekonomia eta Ogasun departamentuak. Batetik, noski, aurrekontuaren zati nagusia hortxe gastatzen delako. Osasun eta Hezkuntza Departamentuek administrazioak eskaini beharreko zerbitzu garrantzitsuenen ardura dute. Ogasun Departamentuaren garrantzia ere nabarmena da, diru-bilketaz arduratzeaz gain diruaren kontrola, banaketa eta kudeaketa dagokiolako. Ogasun eta Osasun departamentuetako zuzendariak bereziak dira, Administrazioan sekulako garrantzia dutelako, soldatan ere islatua.
Idoia Nieves da dimisioa eman duen lehen Ogasuneko zuzendaria. Argi adierazi zituen arrazoiek oso toki txarrean utzi dute Goikoetxea kontseilaria. Osasun Departamentuaren egoera, berriz, Guinnes liburuan argitaratzeko modukoa da. Etengabeko dimisioak, horien artean zuzendariarena, harrokeria, profesionalekin elkarlanean aritu eta zuzendaritza talde bat osatzeko gaiasun falta. Herenegun, Medikuen Elkargoak hitz egin zuen. Argi, zorrotz eta gogor. Hola segitzerik ez dagoela; horixe izan daiteke laburpena. Arlo hori hobekien ezagutzen dutenek sinatua dator.
Badakigu Barcinak, nola edo hala, legealdia amaitu nahi duela. Eta nekez kenduko dituela Osasun eta Ogasun kontseilariak, horrek are nabarmenago islatuko lukeelako desastrearen tamaina. Baina aldaketarik gabe urte bete baino gehiago irautea ere, Guiness liburuan argitaratzeko modukoa litzateke. Errekor hori garesti ordainduko dugu denok. Hori da larriena.