Tania Arriaga: Tesia, gazta eta rap-a

Euskalerria Irratia 2014ko otsailaren 5a

Honezkero ongi dakizuen moduan, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketendako Zentroan kultura eta komunikazioa uztartzen duen tesia idazten ari naiz. Liburuen artean eta ordenagailuaren aurrean ematen dut bizitza. Dena dela, tesia, liburu mardula, azken 20 urtetako informazioa biltzen duen txosten luze, amaigabea edo azterketa bat beste baten atzetik prestatu behar duen edonork, momentu batean ala bestean, aitortu du hozgailu edo despentsarenganako erakargarritasun kontrolaezina. Hala ere, tentazioari amore eman aurretik bada eztaltze dantza herabea. Eta honela egiten du: Bat, ordenagailuaren aurrean egonik arnastu eta teklatxoekin jostatu. Bi, ordenagailuaren aurrean egonik, arnasa hartu eta begiak itxiz, buruan hatz egin. Hiru, ordenadoaren aurrean egonik, ongi eseri, ipurdia bere lekuan kokatu eta ia ia idazten hasi. Lau, ordenagailuaren aurrean egonik, arnastu eta lehiotik begiratu aingeruak pasatzen ikusiko bazenitu bezala. Bost, ordenagailuaren aurrean egonik, arnastu, ongi eseri, arnastu eta bapateko, egundoko beititik eta gora dihoan energia sanfermineroaz jabetuta, zutitu eta gelatik sukaldera eramaten zaituen espaziorik eta denborarik gabeko zurrunbilutik ateratzen zarelarik, hozkailuaren atea zure aurrean zabal zabalik dagoela ohartzen zara.  Are gehiago erranen dut, gurasoek paketetxo batean Renoraino bidalitako gazta puxka handi hori, itotzear, ezin bueltak emanik, ahoan osorik duzula ohartzen zara. Gloria!!! Eta Irentsita!!!

Ahulezien inguruan ari garenez, ze nolako ispilu gardenak diren, txokolatea eta patata frijituekin batera, gure sare sozial maiteak, ezta? Facebook, Twitter edo, esaterako, aurreko egunean nire ipod txikira, jaitsi nuen DopeTracks aplikazio bikaina. DopeTrack honek rap kantak egiteko musikaren basea edo oinarria debalde ematen dizu eta pixkat ordainduz gero, pare bat dolar edo, zuk asmatutako hitzak kantatu eta grabatzen ahal dituzu. Pentsa!!! Tesia, liburu mardula, azken 20 urtetako txosten astun hori egin ordez, ahoa txokolatez edo gaztaz beterik duzularik. Ps txu, ps, txu, pum, pum, ps txu, atzo goizean, periodikoa leitzean, euria bota zuela irakurri nuan, Arga eraman, zure altzoan, lapur, lapur, lapur, lapur, lapur eta lapur guztiak, guztiak! Txundatxundatxundatxun. Batzuoi horrela pasatzen zaigu bizitza, idatzi nahi baina kantari bukatuz.

Milesker!

Tania Arriaga

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!