Martiria ikusi dut. Egia esan, imajinatu egin dut martiria. Santa Agedari buruzko koplak abesten dituen taldea ikusi dut argazki batean. Kopla triste eta krudelak, bart auzorik auzo kantatu izan direnak. Martiria bera eta martirioa etorri zaizkit gogora.
Eta pentsatu dut martirio-mota modernoak ere badaudela, egon. Baita martiri aktualak ere… Gizateriaren aurkako krimenak, pobrezia eta gosea, kaleko nahiz etxe barruko bortxa, langabezia, hipotekak, irrati-lizentziak… Hitz nahikorik ez du hiztegiak, martirio-mota modernoen deskribapen osoa egiteko.
Baina, mundu ilunaren baitan, bada argi izpi bat, bart kantatu diren koplen artean esan ohi denez. Santa Ageda bezperako kopletan, osasuna, zoriona eta bakea opatu ohi dira, kantaren hasieran edo bukaeran.
Tradiziozko hitzak dira horiek. Ohiturazkoak. Beti esaten direnak.
Asmo txarrik ez dute. Hutsalak ez dira.
Osasuna, zoriona eta bakea.