Hitz eta esamolde batzuk susmopean jarri beharko genituzke herritarrok, batez ere, gobernamenduari lotuak agertzen direnean. Esamolde tranpatiak dira: onuragarriak dirudite, edo, gutxienez, gaizgabeak, baina gero on gutxi ekartzen digute, eta batzuetan, kalte ugari.
Hor ditugu, adibidez, gobernu-egonkortasuna, gobernu eraginkorra edota gobernagarritasuna. Halakoak arriskugarri bilakatzen dira politikarien diskurtsoetan sirimiri leun baten antzera hedatzen direnean.
Halakotzat jo dezakegu ere, ene ustez, txikiegi izenondoa. Orain, txikiegi jotzen dituzte gure herriak, eta, txikiegi deituta, txikiesten dituzte, txikiago bihurtzen. Gure herriak txikiegiak izanen dira agian, eta zenbait gauzatarako komenigarria izanen da batzea. Baina handitasunak neurrigabekeria du arrisku. Eta gauzei neurria hartzeko, txikiegi nahiago, handiegi baino.