Santi Leone: "Biktimen erakuste lotsagabe hori makabroa da"

Euskalerria Irratia 2014ko otsailaren 3a

Santi Leone, Argia-ren irudi batean.

Santi Leone irakasle, historialari, idazle eta pentsalariak azken ordu eta egunotako hamar albiste nabarmendu ditu Dekalogoan. Honekin batera testua eta azpian, irratiko elkarrizketaren audioa.

Badatozenak eta badoazenak

Mugimendu handiko egunak izaten ari dira hauek: maite ditugun batzuk badoaz, eta ahaztuak edo erdi ahaztuak genituen bertze batzuk heldu dira bueltan; iraganeko mamuak bueltatzen ari dira, eta iraganeko mamu nahi genituzkeen batzuk ez doa inora.

1. Philip Seymour Hoffman izan da aste honetan joan zaiguna. Aktorea hilik aurkitu zuten atzo bere etxean. Film ugaritan hartu zuen parte, baina, guzien artean, niri The big Lebowski-n egin zuen papera gelditu zitzaidan oroimenean iltzatua. Haren omenez ekarri dut gaur film horretako soinu-bandako Lookin' out my back door kanta, Creedence Clearwater Revival taldeak abestua.

2. Aktore bat joan zaigu, eta mamu bat bueltatu da: Derecha Navarra y Española salatu du Tuterako karrika batek Sabino Aranaren izena daramala. Karrika hori ez omen da existitzen, baina alderdiak dio baietz, kale ttiki bat dela, eta argazkiak badituztela. Akaso Iker Jimenez fitxatu beharko lukete alderdirako.

3. Pedro J. Ramírez ere badoa El mundotik, eta iduri du gobernuak eragina izan duela erabaki horretan. Ez naiz El Mundoren zalea, ezta Pedro Jotarena ere, baina aski larria litzateke zuzendari ohiak bota dituen akusazioak egia balira.

4. Batzuk badoaz PPtik, eta horregatik, Valladolideko bileran, batasuna erakutsi nahi izan dute. Batasuna ETAren aitzinean: La Razón egunkariak PPko hiru politikari erakusten zituen (Sémper,Oyarzábal eta Quiroga), ETAren biktima banaren ondoan. Voxek bere biktimak baditu, bada, PPk ere bai. Barkatuko didazue niri biktimen erakuste lotsagabe hori makabro eta gordin samarra iduritzen bazait.

5. Felipe González bueltatu da, Jordi Évolek deituta. Atzo, Salvados saioan, elkarrizketa luzea izan zuten Artur Masek eta Felipe Gonzalezek. Ez dakigu zeren izenean joan zen Gonzalez: ezkerraren izenean, espainol tolerante elkarrizketa-zaleen izenean... Nolanahi ere, Gonzalezek argi utzi zuen neurri handi batean ados zegoela Rajoyrekin, eta, harrokeria mugagabeaz, hauxe erran zion Masi: Kataluniak maite dut, baina, erabakitzeko eskubidea izatekotan, bakarrik nik dut erabakitzeko eskubide legitimoa.

6. Nazionalismo espainola ere bueltatzen ahal da, inoiz joan balitz bezala: bere burua demokratatzat jo ondoren, zeharkako mehatxu bat ere bota zuen Espainiako presidente ohiak: ezinezkora doan bidetik segituz gero, nazionalismo espainola iratzartzen ahalko litzateke, inoiz lokartu izan balitz bezala.

7. Osasunbidean, gero eta gehiago dira badoazenak. Halere, Osasun kontseilaria itsatsia dago oraindik bere jarlekuari. UPNren estrategia bat da naski: ez diete abertzaleei zer eraitsirik utzi nahi. Tolerantziaren aldarria

8. Herri Ekimen Legegile bat heldu da sinboloen legea aldatzera, eta Nafarroako pluraltasuna errespetatuko eta islatuko duen lege bat proposatzera. Dagoeneko, ekimen horrek erantzun batzuk izan ditu sare sozialetan: ETAk ikurrina inposatu nahi omen du, gure banderak gustuko ez dituenak alde egin dezala, eta ea zer ari den Patxi Puñal hor...

9. Robocop heldu da: laster Paul Verhoeven-en filmaren remakea estreinatuko dute. Egokia da bizi digutun garaietarako, poliziaren pribatizazioa baitzen filmeko gaietarik bat.

10. Gobernuaren intolerantzia, ordea, ez doa inora. Nafarroako gobernuak ingelesa baloratzen du Ogasuneko teknikaria izateko, baina ez euskara. Gure agintari britainiarren omenez ekarri dut Elvis Presleyren kanta baten bertsio hau, Nafarroako Gobernuan nagusi den ingelesean abestua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!