Aitor Etxarte: Igelak sukaldean

Euskalerria Irratia 2014ko ots. 3a, 12:51

Azken hamarkadetan “euskal” marka sinpatikoa, orain “basque”, zabaltzeko ahalegin handiak egin dira eta eliteko sukaldaritza bidelagun egokia dela frogatu da. Sukaldariak izar mediatiko bihurtu dira, komunikatzaile atseginak, bezero handikien adiskide, diruaren aberkideak. Aparta da eskaintzen dutena. Sukaldaritzatik hartago doa. Esperientzia osoa eta errepikaezina iragartzen dute. Menuen asmalari karismatikoak dira, zientifikoak, erdarazko neohizkuntza ulertezinen sortzaileak, psikiatrak bezeroekiko tratuan, jangelako dekorazioan esklusiboak eta kobratzerakoan helezinak.

Borroka politikoa, kulturala edo soziala gogaikarri eta deserosoa esnegainez eta gurinez estaltzeko modua izan da, gatazkak espektakuluz estaltzeko. Gutxi batzuentzat asteroko sabelkeria dena, askorentzat paradisuaren ametsa. Horregatik, euskal langile jatorrak bizitzan behin edo bitan bere burua larrutu du santutegi horietan. Besteak baino gutxiago ezin omen gara izan.

Esoporena omen da “Eskorpioia eta igelaren” alegia. Eskorpioiak ibaia zehartzeko laguntza eskatzen dio, zin eginez ez diola kalterik egingo. Igelak sinistu eta bere sorbaldara igotzea eskaintzen dio. Bide erdian direla eskorpioiak hozka egiten dio. “Nola egin duzu hori? Orain biok hilko gara!” Igelak hil zorian. “Ez dut aukerarik, horrelakoa naiz” erantzuten du eskorpioiak.

Igela garenok mahai kideak tentuz aukeratu behar ditugu.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!