Lur Albizu: Arnasguneak

Euskalerria Irratia 2014ko urtarrilaren 30a

Duela jada aste batzuk, Nafarroako Parlamentuan Izquierda-Ezkerrak proposaturiko mozioa aurkeztu egin zen. Bertan, eredu desberdinetako ikasleak ikastetxe berdinetan biltzeko eta zenbait jarduera elkarrekin egiteko eskaera egiten zaio Nafarroako Gobernuari. Onartu ere, onartu egin zen aipatutako mozioa.

Egia esan, beldur pixka bat ere sentitu nuen honen berri izan nuenean, batez ere ikasleen arteko elkarbizitza izan delako proposamenaren aldekoen argudio nagusietako bat. Gure artean elkarbizitzarik inoiz egon ez balitz bezala. Eta zaila zait hori ulertzea. Ni, beste ikasle asko bezala, eremu mistoan ikasitakoa naiz, beti D, A eta G ereduak barnebiltzen zituzten ikastetxeetan. Eta ez, ez dut elkarbizitzarako arazorik izan; baina eredu euskalduna bakarrik ardatz duten eskoletako lagunak ere ezagutzen ditut, eta hauek ere ez dute inolako arazorik izan horregatik.

Nik (guk) bizi izan duguna bestelakoa da. Bai, denok elkarrekin bizi eta ikasi behar izate polit hori oso ongi gelditzen da titularretan, eta propaganda egiteko ezin hobea, baita hitz ederrak erabiltzekoa ere: elkarbizitza, errespetua, aniztasuna, enpatia, elkar-ulertzea… Baina praktikan, errealitatea beste bat da: gure hizkuntza eskubideak etengabe urratuak izan eta izaten direla, alegia. Izan ere, guk ez dugu institutuko langileekin beti euskaraz egin ahal izan, gure irakasleekin ezin dituzte mintegi bilerak euskaraz egin, eskola kontseiluetan erdara baizik ez da entzuten.

Dena, noski, guztion onuraren izenean. Baina zer ezkutatzen du “guztiok” horrek? Ba betikoa, D ereduko ikasle eta irakasleen hizkuntza eskubideak, berriz ere, urratuak izanen direla. Ghettoak ezin direla sortu esaten dute batzuek, “bakarrik” hizkuntza kontuan hartuta. Baina zein ghettori buruz hitz egiten dute? Non ikusi dituzte ghettoak?

Agian ahaztuko zitzaien kontuan hartzea zein egoera bizi duen euskarak, eta zein harreman duen espainolarekin. Diglosi egoera batean lege honek ez du ez hankarik ez bururik. Euskarak, aurrera egiteko, ezinbesteko ditu arnasguneak. Euskara hutsean egiten diren jarduerak, euskaraz bizitzeko eta jarduteko tokiak. Gure desertu honetan, oasiek berebiziko garrantzia dute. Euskarak sostengua behar du. Aurrerapausuak. Adibidez, apartheid linguistikoarekin amaitu eta Nafarroa osoan euskara ofiziala izan dadin. Lege hori bai, hori ospatuko dut.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!