“Ez da emakume jaiotzen: bat bilakatu egiten da”

Euskalerria Irratia 2014ko urt. 29a, 18:57

Simone de Beauvoir (Paris 1908-1986)

Idazle, filosofo feminista eta existentzialista frantziarra izan zen. Goi burgesiako familia batean sortua, feminismo modernoaren sortzaileetako bat izatera iritsi zen.  Jean Paul Sartreren bikotea izan zen. Bere esaldietako batzuk euskaratu ditu guretzat Josetxo Azkonak “Epiktetotern kutxa” saioaren barruan.

*Emakumezkoaren arazoa gizonezkoen arazo izan da beti.

*Berez, homosexualitatea heterosexualitatea bezain mugatuta dago:  zoragarria litzateke emakume bat edota gizon bat maitatzea -edozein gizakume maitatzea- beldurrik, inhibiziorik edo obligaziorik sentitu gabe.

*Xarma da batzuek bere baitan daukatena, harik eta haiek xarmagarriak direla konturatzen hasten diren arte.

*Aurreiritzirik gabe, zeharo ezinezkoa da edozein giza arazori aurre egitea.

*Edertasuna zoriontasuna baino are zailagoa da azaltzen.

*Azaleko ximurrak arimatik datorren ezin adierazizko halako zerbait da.

*Pertsona zoriontsuek ez dute historiarik.

*Zer da gizaki heldu bat?... Adinak puztutako haur bat.

*Bitxia da, eta kilikagarria ere bai, berrogei urte dituzula, tupustean, begietan min egiten dizun eta ordura arte ikusi ere ikusia ez zenuen munduaren alderdi bat aurkitzea.

*Zitala da gizakiaren izaera. Gizakiak jaso duen kulturan datza, hain xuxen, haren  gozotasuna.

*Lanari esker lortu du emakumeak gizonarekiko zuen distantzia gainditzea.  Lana da emakumeari erabateko askatasuna bermatzen dion jardun bakarra.

*Eskandaluak duen gauzarik eskandalagarriena da, bat hartara ohitzen dela.

*Familia: perbertsioen habia hori.

*Idaztea idazten ikasten den ofizio bat da.

*Pertsona bat gutxiagotasun-egoeran irmo dagoenean, mendeko bihurtzen da.

*Gizonak gizakitzat jotzen du bere burua, eta emakumeak, berriz,  femeninotzat. Emakumeak bere burua gizakitzat jokatzen duenean, orduan -berak, emakumeak- gizona imitatzen duela erraten da.

*Munduaren irudikapena, eta baita mundua bera ere, gizonezkoen sorkuntza bat da. Haiek azaltzen dute mundua beren ikuspuntutik, eta ikuskera hori nahasten dute egia absolutuarekin.

*Inor ez da emakumeekiko harroputzagorik, oldarkorragorik edo zatarragorik, bere gizontasunaz estutasunean dabilen gizaseme hori baino.

*Inork ez nau erabat ezagutzen edota maitatzen. Ez daukat neure burua bertzerik.

*Zapalkuntza orok gerra egoera bat sortzen du.

*Etxeko lanak bezalako lan gutxi dira kasik Sisiforen tortura bezain gogor. Garbia zikintzen da, eta zikina garbitzen. Eta hori behin eta berriz, egunez egun, eta hala, infinituraino.

* Gizartea gizakiaz arduratzen da gizakia soilik eta bakarrik errentagarria den bitartean.

*Ez da emakume jaiotzen: bat bilakatu egiten da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!