Iñaki Casado farmazialari eta patxaranean adituak ez du iruzur zantzurik ikusten
Alarma gorria. Nafartasuna, krisian. Nafartasunaren kintaesentzia, kolokan. Tabernetan patxarantzat saltzen digutenaren erdia baino gehiago ez ei da patxarana baizik eta basaran likorea, Gomez Salvador abokatu taldeak egin duen azterketaren arabera.
Villavesetan, igoigailuetan, bulegoetan, lantegietan, gimnasioetan, tabernetan besterik ez da aipatzen. Denak mintzo dira patxaranaren krisiari buruz, baina gutxik egiten dute behar bezalako formakuntza zientifiko eta akademiko batean oinarriturik. Euskalerria Irratiak egiazko aditu euskaldun bat lokalizatu du, patxaranean doktore den gizona, ia zentzu literalean; izan ere, Iñaki Casado farmazilariak basaran fruituen osagaiei buruz egin zuen doktoretza tesia.
Casadok mezu lasaigarria zabaldu du gurean: “Ez dago iruzurrik”. Casadoren arabera, “patxarana eta basaran likorea bi produktu ezberdin dira, bai, baina botiletan behar bezala adierazita dator, eta nahi izanez gero arazorik gabe ikus dezakezu zer den, bata ala bestea”. Hori horrela, bere idurikoz, abokatu taldeak plazaraturiko azterketaren gibelean marketing operazio bat dago. “Patxaranaren prestigioa handitu nahi dute. Patxaranaren bertuteak nabarmendu nahi dituzte. Seguru asko, horregatik sortu dute polemika hau. Esan gabe doa guztiz zilegia dela hori egin nahi izatea”, azaldu du.
Patxarana, arautuago
Casadok azaldu duenez, patxaranaren ekoipzena Babesturiko Eremu Geografikoko Batzorde Arautzaileak kontrolatzen du. Alkohol edukiari doakionez, 25º baino gehiago eta 30º baino gutxiago ditu. Anis litroko gutxienez 125 gramo basaran baino gehiago eduki behar ditu. Patxaran kopa tabernetan hiruzpalau euroan izan ohi da salgai.
Basaran likorea, aldiz, ez dago horren zorrozki arauturik. Gutxienez 20º ditu, eta gehienez 25º. Alkohol graduazio ezberdin horrek zergetan ondorioak ditu, botilako 0,5 euro gutxiago ordaintzen baita. Zenbat basaran eduki behar duen ez dago zehazturik. Koloranteekin eta basaranik gabe ere egin daiteke.
Metropoli Forala saioko kolaboratzaile Josu Royok, berriz, Gomez Salvador abokatu taldearen ikerketaren zorroztasunik eza nabarmendu du. “Bi lagun 38 tabernetara joan dira, eta patxarana eskatu dute. Hemeretzitan basaran likorea jari dietela diote. Baina egiazki ez dute kimikoki aztertu zer zerbitzatu dieten. Eta 38 taberna oso gutxi da, ondorio estatistikoak ateratzeko”.