Administrazio publikoa murrizteko gero eta urrats gehiago ematen ari da Nafarroako Gobernua.
Horietako bat, joan den astean ezagutu genuena: 12 fundazio publikotik zortzi ixteko erabakia. Horietako bat da CRANA. Nafarroako Ingurumen arloko Baliabide Zentroa. Irabazi asmorik gabeko fundazioa. Duela hamaika urte sortu zuen Nafarroako Gobernuak. baina, egunerokoan, kudeaketa pribatua langileek eurek egin dute. Hamar langile ditu gaur egun. Ez dira funtzionarioak. Beraz, litekeena da, guztiak ez bada, gehienak kale gorrian gelditzea fundazioa ixten dutelarik.
UPNren Gobernuaren erabakiak, akaso, ez die ezustea eragin, baina bat-batean iritsi dela kontatu du Metropoli Forala saioan Jorge Iriarte, CRANA fundazioko langileak. Joan den asteazkenean eman zuen erabakiaren berri Gobernuak; goiz hartan bertan jakin zuten langileek.
CRANAren eginkizuna eta zerbitzua
Gobernuak dio ingurumen Departamentuak hartuko dituela bere gain CRANAk egiten dituen lanak. Langileek hori ezinezkoa dela uste dute. Aurrera begira, ez dakite zer gertatuko den. Europako laguntzak jaso nahi badituzte, CRANAren izena gutxienez mantendu beharko dute 2016ra arte.
Ingurumen arloan kultura berria eraikitzea, eta nafar gizartearen iraunkortasunean aurrera egitea. Hori izan du konpromiso CRANAk. Energia eta klima aldaketa, mugikortasuna, ura eta ibaiak, kontsumo arduratsua, enpresen gizarte erantzunkizuna, hondakinak, bioaniztasuna… alor horietan guztietan ari da lanean, erakusketak, parte hartze prozesuak, jardunaldi eta mintegiak eginda, besteak beste. Iaz, konparaziora, 30 mila talde eta norbanakorengana iritsi ziren. Egindako lanarekin harro… CRANAko langileek diote ingurumenaren inguruko politikak eraisten ari dela UPNren Gobernua. Eta horri aurre egiten saiatzeko babesak bilatuko dituzte.