Argazkian Kursaaleko oholtza eta dozena bat bertsolari, bakoitza bere barrua azaleratzen. Nagusiki emakume/gizon kontuak, nagusiki emakumeen ikuspegitik. Nabarmena molde zaharrak apurtu nahia, eta nabarmena ipuin zaharra aldatu egin dela.
Argazkilariaren atzean bertsolari eta bertsozale edadekoen katedra, adi-adi begiak eta belarriak, ipuina zertan aldatu ote den, zein molde apurtuko ote den.
Eta bai, dantzaria bularrak bistan, bertsolariek alua, hileko odola, sexu gogoa eta antzekoak ahotan. Eta horrez gain ahotsik gabeko emakume bertsolarien aldarria, eta iraultzek eskatzen duten egoskortasuna, eta ikuspegi beregaina, emakumeena, behin eta berriro.
Ez zen biribila izan aurtengo Bertso Eguna, moldea apurtzen denean ertzak agertzen bai dira. Hain zuzen horregatik zen are beharrezkoago.