"UPNren etxebizitza eta gizarte politiken porrota agerian utzi du Ezkabako etxe kaleratzeak"

Euskalerria Irratia 2014ko urtarrilaren 24a

Edurne Egino, Aitor Lakasta, Patri Perales Metropoli Foraleko solasaldian, Pello Argiñarenarekin.

Iruñeko udaleko zinegotzien solasaldian Ezkaba auzoan izandako etxe kaleratzearen inguruan aritu dira oposizioko taldeak: "UPNren etxebizitza eta gizarte politiken porrota agerian utzi du etxe kaleratzeak". Iruñerriko garraio publikoaz ere mintzatu dira Metropolo Foralean Edurne Egino, Aitor Lakasta, Patri Perales eta Aritz Romeo.

Aldaketak behar dira etxebizitza politiketan

Hipotekek kalteturiko herritarren plataformak salatu du saiatu direla Errotabidea-Cogremasa enpresako arduradunarekin biltzen. Baina ez dutela nahi izan. Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak duten ardura ere nabarmendu du plataformak. Eta ildo horretatik jo dute, Iruñeko Udaleko zinegotziek ere. Garbi daukate kasu honek argi erakusten duela UPNren etxebizitza eta gizarte politiken porrota. Izquierda-Ezkerrako Edurne Eginoren hitzetan: UPNk enpresak laguntzen ditu, ez pertsonak. Geroa baiko Aitor Lakastaren arabera erakunde publikoek, Gobernuak zein Iruñeko Udalak, alokairu sozialaren aldeko apustua egin beharko lukete. Bilduko Patri Peralesek ere nabarmendu du Udalak badituela etxebizitza hutsak, eta beharra dutenei laguntzeko erabili beharko lituzke. Justizia sozial urria ikusten du Aralarko Aritz Romeok UPNren jardunean. Uste du errotik aldatu behar direla etxebizitza eta gizarte politikak.

Villavesak finantzatzeko, zerga berria

Iruñerrian bada beste gai bat eztabaidatzen ari direna: hiri barruko garraio zerbitzua. Haren finantzazioa eta defizita. Iruñerriko mankomunitateak zerga berri bat proposatu du garraioa finantzatzeko: etxebizitza bakoitzak euro bat ordaintzea hilean.

Oposizioko zinegotzietan bakarrak defendatu du zerga berri hori: Aitor Lakastak. Nabarmendu du hasieratik egon dela Geroa bai zerga horren alde. Bildu, Aralar eta Izquierda-Ezkerra kontra daude. Garraio publikoa bultzatzeko neurriak behar dira bai, baina ez zerga hori.

Gogoratu, Parlamentuan tramitera onartu dituztela aste honetan Gobernuren finantzazioa areagotzeko bi proposamen. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!