Pilotakadaz pilotaka, euskal presoen sakabanaketa salatzera deitu du Etxeratek

Euskalerria Irratia 2014ko urtarrilaren 24a

Pilotakadaz pilotakada izeneko ekimena abian jarriko du datozen asteotan Etxeratek, euskal preso eta iheslari politikoen elkarteak. Euskal Herriko pilotalekuak bete nahi dituzte euren aldarrikapena leku guztietara hel dadin. Dinamika horrekin euskal presoen eskubideak defendatu eta sakabanaketa salatuko dituzte. Herrialdeka sortuko dituzte pilota txapelketak eta ekainaren 29an emanen diote amaiera ekimenari Euskal Herriko bost pilotalekutan ekitaldi bateratua eginez.

Sakabanaketaren salaketa eta horrek dituen ondorioak irudikatzeko erabili nahi dute ekimena. Dinamika herritarra izatea nahi dute frontoian norgehiagokak antolatuz eta herritarrak elkartuz. Herri eta auzo guztietara iritsi nahi dute. Horregatik, herrialde bakoitzak bereak antolatuko ditu datozen asteetan hasi eta ekainean amaituko den ekimen honetan.

Orain hasi eta ekainera bitarte

Kolpez kolpe eta pilotakadaz pilotakada iritsi nahi dute ekainaren 29ra. Egun horretan Euskal Herriko bost frontoi elkartasunez bete nahi dituzte, ekitaldi bateratu batean. Ekimenaren informazioa webgunea ere jaso daiteke: pilotaekimena.etxerat.infon. Sare sozialetan ere izanen dira; Facebooken Pilotakadaz pilotakada izenarekin eta twitterren @pilotakadaz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!