Biztanleria aktiboa jaitsi eta lanpostuak suntsitu egiten dira Nafarroan

Euskalerria Irratia 2014ko urt. 23a, 14:16

Espainiako Estatistika Institutuak eman dituen datuak esaldi bakarrean laburbiltzen ahal dira: langabezia jaitsi da iaz, baina ez da enplegua sortu, alderantziz, suntsitu egin da. Nafarroak 2012an baino 2.500 langabe gutxiagorekin amaitu du 2013. urtea, hau da, %4,78 egin du behera langabeziak. Nolanahi ere, 50.100 langabe daude. Langabezia tasa ia %17koa da Nafarroan. Estatuko bigarren onena, Euskal Autonomia Erkidegoaren atzetik.

Langabeziak behera egin du, baina, biztanleria aktiboak ere bai: 9.000 gutxiago. Landunen kopuruak ere behera egin du, okupatuenak alegia: 6.500 gutxiago. Lanpostu horiek desagertu edo suntsitu egin dituzte.

Biztanleria aktiboaren inkesta honen datuak ezagututa, Nafarroako Gobernuaren balorazioa: egoera kezkagarria da oraindik, baina, hobekuntzaren zantzuren bat sumatzen da. Hala esan du Ekonomia, Industria, Enplegu eta Ogasun Kontseilari Lourdes Goikoetxeak. Oposiziotik, ezkorrago izan dira. Nafarroa Baiko Juan Carlos Longasek dio deus ospatzeko arrazoirik ez dugula, ez delako enplegua sortu. Biztanleria aktiboa eta landuna jaitsi izanak eragin du langabeziaren beherakada.

Zergatik gertatzen ari da hori?

Bi arrazoi aipatu ditu Izquierda-Ezkerrako Txema Mauleonek: atzerrira doaz batzuk lan bila; eta beste batzuek enplegu bat aurkitzeko itxaropena galdu dute, eta ez dute bilatzen ere.

Espainian, sei urtean aurreneko aldiz jaitsi da langabezia

Nafarroan esan dugun gauza berbera ari da gertatzen Espainian ere: langabezia jaitsi bai, baina enplegua ez da sortzen. Alderantziz, suntsitzen jarraitzen du. Gero eta gehiago dira, gainera, lanik gabe urtebete baino gehiago daramatenak. Beste aldean, iaz, krisia hasi zenetik aurreneko aldiz, jaitsi egin da gazteen langabezia.

Espainiakoak datuak hauexek: ia 6.000.000 langabe, 2012an baino 69.000 gutxiago. Baina, ia 200.000 enplegu suntsitu dira. 1.800.000 etxetan familiako kide guztiak daude lanik gabe. langabezian urtebete baino gehiago daramatenen kopurua %6 igo da. Beste aldean, krisia hasi zenetik, aurreneko aldiz, jaitsi da gazteen artean dagoen langabezia.

Nondik etor liteke soluzioa?

Gobernuetatik helarazten duten mezua da: hazkunde ekonomikoa, ekonomia haztea dela langabezia murriztu ahal izateko bidea. Bide bakarra. Erakunde, eta alderdi politikoetan oso zabaldua dagoen mezua da hori. Eta hazkunde ekonomikoa dela krisia gainditzeko bide bakarra.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!