Konfuzio: “Oker bat egitea eta hura ez zuzentzea, bertze oker bat da.”

Euskalerria Irratia 2014ko urt. 22a, 18:57

Konfuzio (K. a. 551 - K. a. 479a) txinatar filosofo, pentsalari eta idazlea izan zen. Bere pentsaera eta munduaren ikuskera, konfuzianismoa, oso eragin handikoa izan da Txina, Japonia, Korea eta Vietnamgo kulturetan.

Bere filosofiak gizabanakoen eta gobernuen etika, gizarteko hartu-emanetan zuzentasuna, justizia eta zintzotasuna azpimarratzen ditu.

Josetxo Azkonak bere esaldi ezagun batzuk euskaratu eta Epiktetoren kutxan ekarri dizkigu Arratsalde.on saiora.

*Galdetzen didazu zergatik erosi ditudan arroza eta loreak. Arroza erosi dut bizitzeko, eta loreak, bizitzeko arrazoi on bat izateko.

*Beti izan behar duzu burua hotz, bihotza bero eta eskua zabal-zabalik.

*Aztertu iragana, etorkizuna igarri nahi baduzu.

*Diru polit bat edukitzeak kezkak uxatzen ditu; diruz gainezka egoteak, ordea, kezkak dakartza berekin.

*Geure buruarekin bakean ez bagaude, nola lagunduko bertzeei bakebidean sartzen?.

*Ezjakintasuna, buruaren gaua: ilargirik eta izarrik gabekoa.

*Bertzeek zuri egin nahi ez dizutena, zuk ez egin inori.

*Jakintsuak badaki, jakin, ez dakiela.

*Ikasi ongi bizitzen, eta jakinen duzu ongi hiltzen.

*Mendekurako bidaia bat hasi aitzin, zula itzazu bi hilobi.

*Oker bat egitea eta hura ez zuzentzea, bertze oker bat da.

*Jakintsuak ilargia seinalatzen duenean, tentelak hatzari begiratzen dio.

*Helburua lortzea zaila dela baieztatuz, ez aldatu helburua. Bila ezazu bertze bide bat hara iristeko.

*Pertsona on bat ikusten duzunean, saia zaitez hura imitatzen. Pertsona zital bat ikusten duzunean, egizu gogoeta.

*Herritarrak pozik badaude, ez da erreboltarik izanen herri horretan.

*Buruzagi zintzoak badaki zer den egia; buruzagi txarrak badaki zer saltzen den hobekien.

*Etsiak hartuta zaudelarik, amore ematea da errakuntzarik handiena. Bertze gainerako errakuntzak zuzendu daitezke; amore ematearena, aitzitik, inondik ere ez.

*Ongi gobernatutako herrialde batean, lotsatzekoa da pobrezia. Gaizki

gobernatutako herrialde batean, lotsatzekoa da aberastasuna.

*Ezustekoaren zain egon beharra dago eta onartu beharra dago onartezina. Zer da heriotza? Bizitza zer den oraindik ez badakigu, nola kezkatuko gaitu heriotza ezagutzeak?

*Bertutea ez da bakardadean bizi: bertuteak bizilagunak behar ditu alboan.

*Ez dira belar txarrak hazi ona galarazten dutenak; nekazariaren axolagabekeria baizik.

*Eraman aldean eskukada bat lur egunero, eta mendi bat eginen duzu.

*Bizkarra ez eman sekula irri egiteko eta dantzatzeko gauza ez den inori.

*Ez du inporta laburra bada zure urratsa; ez gelditzean dago koska.

*Txori batek erraten badizu ero zaudela, ero zaude . Txoriak, izan ere, ez du hitz egiten.

*Injustizia baten lekuko izatea, eta deus ere ez egitea, adorerik ez izatea da.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!