Iñaki Irisarri: Dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen

Euskalerria Irratia 2014ko urt. 22a, 18:10

 Hona hemen euskarazko esamolde eder bat. Esaera berez laburra bada ere, nik gauzak izugarri laburbiltzeko joera izaten dut, eta esaldiaren mamia hitz bakar batean biltzen ahaleginduko naiz, hori bai, esaldiaren xarma guztia janda.

Mugi. Bai, mugi. Horixe da auskalo nondik eta noiztik heldu zaigun mezu horrek dakarkigun oparia. Mugi zaitez zauden leku horretatik. Zoaz harago. Izan ausarta, utzi gibelekoak gibelean, eskuinekoak eskuinean, ezkerrekoak ezkerrean, eta segi aitzinera, bazter berri eta freskoen bila.

Ziur aski, gehien-gehienok bezala, denbora luzeegia emana duzu paisaia berberari begira, jarleku eroso berean eserita, betiko mezuak entzuten, iritzi berbera gogoan, eta, beharbada, goroldioa hasia da zure barrena hartzen, zure baitan etengabe zabaltzen.

Astindu goroldioa gainetik, beraz, eta abiatu bide berri batetik barna, patxadaz, ditxosozko egia sakratu horien zama astuna bide-bazterrean utzita. Jarrai zure senari, ez bilatu besteen gorespena, eta gaizki esaka aritzen badira zutaz, hasi dantzan, agian ongi ari zaren seinalea baita. Bidea ez da erosoa, ederra baizik. Eta batez ere, zeure bidea da.

Barkatuko didazue, irratiko lagunok, horrelako erretolika bat plazaratzea hemen, baina herenegun lagun-min baten ama zendu zen, eta botatako ideia horiek guztiak etorri zaizkit burura, haren bizialdian gertatutako guztia gogoan.

Laurogeita piko urte zituen, eta goroldio-arrastorik ez soinean.

Ez adiorik eta eskerrik asko, María Josefa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!