"Larrialdi zerbitzua hobetzeko, osasun etxeei baliabide gehiago eman behar zaizkie"

Euskalerria Irratia 2014ko urtarrilaren 22a

Osasun Departamentuaren txostena oraindik aurkeztu gabe dagoen arren, zein lan ildo jarraitu dituzten jakinda, Nafarroako Osasun Plataformak uste du, helburu ekonomizistekin, informazio okerrekin eta interesatuekin dabiltzala landa eremurako osasun arreta hobetzeko txostena egiten. Hala salatu dute gaur Nafarroako Parlamentuko lan saioan.

Beharrak zein diren zehaztu eta irtenbidea eman baino, neurriak hartzera eta baliabideak murriztera joko du Osasun Departamentuak, Nafarroako Osasun Plataformako eledunen ustez. Landa eremuko profesionalekin, gizarte eragileekin edo sindikatuekin beste behin lanean aritu gabe egindako txostena izanen dela nabarmendu dute. Benetako arazoak zein diren ezagutu gabe, irtenbidea ere ez da egokiena izanen. Osasun Plataformako kideek uste dute, larrialdi zerbitzua hobetzeko, lehen mailako arreta eta oro har osasun etxeetan eskaintzen dena hobeki kudeatu, baliabidez hornitu eta finean sustatu behar dela. Modu horretan, larrialdietara joaten diren gaixo askori arreta eskaini ahalko zaie osasun etxeetan eta larrialdiak benetan ezinbestekoak direnean artatuko dira. Izan ere, gaur egun, larrialdietan artatzen diren gaixoen %10 baino ez da benetako larrialdia, gainerakoak osasun etxeetan atenditzen ahal direnak dira.

Ez da parte hartzea sustatzen ari

Kezkatuta daude Osasun Plataformako kideak. Bigarren txostena egituratzeko Osasun Departamentua bide beretik ari delako. Profesionalez osatutako bi talde itxirekin ari da txostena egiten, baina, Departamentuak berak hautatutako jendearekin. Uste dute, pribatizaziora jo nahi dutela beste behin jarrera horrekin. Okerrera eginen du landa eremuko osasun arretak bide hori hartuta.

Giza baliabideen beharra, lehen mailako arreta eta osasun etxeetakoa hobetzea eta finean, landa eremuko hautetsi eta profesionalek egindako txostenak eskatzen duenarekin bat egin du Osasun plataformak ere. Marta Vera Kontseilariaren departamentua egiten ari dena hutsaren hurrengoa izanen dela uste dute, ezer onik ekarriko ez duena.

UPNek baino ez du babestu Osasun Departamentuaren txostena

Taldeen artean, Osasun Departamentuaren eginkizuna babesten bakarra UPN izan da. Esan du parte hartzea bultzatzen ari dela, bi lantalderekin ari delako. Gainerakoak kritiko azaldu dira. PSNek uste du txostena eskuetan izan arte ezin dela balorazio gehiegirik egin, baina, benetako beharrak zein diren jakin eta horiei irtenbidea ematera bideratu beharra dagoela esan du. Bildu, Aralar-Nafarroa Bai eta Izkierda-Ezkerrak uste dute funtsean ez dela aldaketarik sumatzen txostena osatzerako moduan eta pribatizaziora jotzeko nahia agerian gelditzen ari dela salatu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!