Gure parlamentarien solasaldiko artxiboko irudi bat
Oposizioko alderdien ustez, Barcinaren Gobernuaren ahultasunaren beste adierazle bat da Foru Ogasun zuzendariaren dimisioa. Hain zuzen ere, hitzarmen ekonomikoaren inguruan azalpenak eskatuak dizkio oposizioak Barcinari. Joan den abenduaren erdialdean Espainiako Gobernuko presidente ordearekin eta Montoro Ogasun ministroarekin eginiko bileraz galdetuko diote. Zer adostu zuten azaltzea nahiko lukete.
Asteazkenero legez, Metropoli Forala saioan solasaldi politikoa izan dugu. Gurekin izan dira Bakartxo Ruiz, Patxi Zabaleta, Manu Aierdi eta Ioseba Ezeolaza. Foru Ogasunean gertatzen ari denarengatik, oposizioko taldeek ere azalpenak nahi dituzte.
Bi gai korapilatsu ogasunaren alorrean
Manu Aierdik uste du Nafarroako Presidenteak ez duela behar bezalako xehetasunik emanen. Fiskalitatearen gaian, eta bereziki hitzarmen ekonomikoaren negoziazioari begira, Hego Euskal Herriko herrialdeak elkar hartuta aritzearen aldeko da Aralar-Nafarroa baiko parlamentari Patxi Zabaleta. Zerga berriak ezartzeko aukera aztertzen ari dira Parlamentuan, eta horri lotuta Bilduk uste du erkidegoek eskuak lotuta dauzkatela. Erreforma fiskala nola egin, eztabaidagai parlamentuan. Zerga berriak ezartzeko aukera mahai gainean. Horietako bat izaten ahal da banku eta aurrezki kutxen gordailuei ezartzea bat. Izquierda-Ezkerrarena da proposamena. Horren berri eman digu Joseba Ezeolazak. Ematen du talde guztiak ados daudela. Zerga horren xehetasunak eztabaidatzen ari dira. Aurten jar lezakete indarrean.
Bestetik, solasaldi politikoaren tartean Diario de Navarrak gaurko edizioaren azalean dakarren berria aipatu dugu. Bildu bere inguruko kideak, funtzionarioak Gobernuko goi karguetan infiltratzen saiatzen ari da Cordovillako kazetaren arabera. Hori leporatu dio Diario de Navarrak ezker abertzaleari. Ignacio Murillo kazetariak dio artikuluan, Bilduk idazki bat zabaldu duela funtzionarioen artean, laster zenbait goi kargutarako egin behar duten lehiaketara aurkez daitezen.Bilduko Bakartxo Ruizek intoxikazio kanpainatzat jo du Metropoli Forala saioan.