Dirua Euskadiko Kutxan daukagu ‑Laboralean, alegia‑ eta ez Santanderren edo Caixa Banken. Eroskin sartzen gara gure karroak betetzera, Mercadonak eta Carrefourrak baztertuta. Halakoak gara. Gure dirua, guretarrendako. Gure eredua. Gure bidea. Baina azkenean gure bidea ez da hain diferentea izan. Gauzak bestela egin daitezkeela dioskute iragarkiek. Baina gauzak berdintsu egin dituztela dakigu begiak ditugunok. Gurean ere zakurrak oinutsik baitabiltza. Gure arteko 30.000 lagun daude Eroskiko preferenteek harrapatuta. Bizi osoko aurrezkiak dira batzuendako. Zoazi eta erraiezu orain non bete behar duten karroa.