Batera agertu zaizkigu, nola edo hala batuta, egun beretsuetan albiste. Batetik, auzitegiek legezkotasuna kendu diote Nafarroako agintariek Euskalerria Irratiari lizentzia ez emateko baliatutako jokabideari. Bestetik, agintari berberek beren zilegitasuna eta guztion dirua eskuzabal eta luze emanez babestutako telebista pribatuaren jabearen lotsaizunen berria heldu zaigu Burgoseko Gamonal auzoan piztutako hirigintza-auziari esker. Noiz eta agintari horiek beraiek guri EITB behar bezala ikusten eta entzuten ez uzteko arrazoi zalantzagarri eta funsgabeak aldarrikatzen tematurik jarraitzen dutenean.
Badirudi errealitateak, jostalari, agerian utzi nahi dituela, nabarmen, Nafarroan gobernatzen gaituztenek urtetan eta urtetan ezkutuan iraunarazi dituzten loturak eta konexioak, sistemaren benetako funtzionamendua.