Salamanca izeneko auzoan hartzen dute kafea eta hautatu bitartean zein zapata pare erosiko dituzten, hizketa animatua konpartitzen dute Barcinak eta Cospedalek….
Holaxe imajinatzen dut izanen dela euren harremana: estua, alaia eta emankorra. Oso emankorra. Baina, nonbait, ideiak argien dituena Cospedal anderea omen. Edota egoera erosoenen duena bera denez, idea Barcinarena izan, Cospedalek bere horretan ezarri eta ondoren gure presidenteak inportatu egiten du, egokitzapenik gabe, bapatekotasuna landuz.
Nafar guztion presidenta den Barcina, soil soilik gutxi batzuentzako politikak egiten urtetan trebatua, Cospedal eta hura bezalako beste horrenbeste ditu eredu politikan. A zer beldurra …!
Ziurrenera Nafarroako Parlamentua, hots parlamentari kopurua murriztearen hori ideia mankomunatu horietako bat da. Egia esan, Barcinaren neurrira egindako plana da, izan ere, hark Parlamentu osoa baitu sobran.
Nafarrok bera dugu sobran, Barcina bera eta bere botere estruktura erraldoia osatzen duten beste hainbeste. Murriztu nahi izanez gero, hortxe badu tartea, izendapen libreko hamaika kargu kentzen. Diote, egun jada desagertuak eta desmantelatuak dauden zerbitzu eta departamentuetan izendapen berriak ari direla egiten (frogatua); alegia, bada nor den existitzen ez den departamentu baten zuzendaria, izendatu berria…. Eta hau gure muturraren aurrean, gardentasunaz betea dutelarik ahoa, barrena ilunen ataria besterik ez den aho gardena.
Bien bitartean, Madrilerako bidaietatik bueltan, merkealdietan ibilia izan balitz bezalaxe, saldoan diren PPren gobernuaren ideaz kargatua itzultzen da Barcina, gure neurrikoak ez diren zapatak jantziaraziz gero.
Nahiago oin-hutsik ibili markako horiek jantzi baino!