Geroa Baik egindako agerraldia, gaur.
Hasi berri dugun urteari begira jarri da Geroa Bai. Bi erronka argi ikusten dituzte 2014an: krisiari amaiera eman eta langabeziarekin bukatzea. Baina, Nafarroako Gobernuaren politikekin zein Espainiako Gobernuak ezarri dituenekin ez dela halakorik gertatuko uste dute, eta, aldaketa sakona ezinbestekoa dela diote. Horretan Geroa Bai arduraz ariko dela diote.
Izan ere, urteotan Hezkuntzan, Osasunbidean eta gizarte gaietako zerbitzuetan egindako murrizketek egoera jasangaitza eragin dute eta horri buelta emateko lanean segituko dutela nabarmendu dute Uxue Barkosek, Manu Aierdik eta Patxi Leuzak.
Bakea eta normalizazioa
Aurrera pausoak ikusi dituzte azken hilabeteotan bake eta normalizazio bidean; EPPKren adierazpena eta ETAren agiriak aipatu dituzte. Baina, oraindik egiteko badagoela uste dute eta horretan ere tinko jarraitzeko asmoa du Geroa Baik. Bestelakoetan aipatu ditu Barkosek, onartezinak direla aurrera atera nahi duten Abortuaren legea. Yolanda Barcinaren apustua ere ez dute begi onez ikusi, Parlamentua txikitzearena. Eta bestelako erronketan: erreforma fiskala eta euskara sustatzen segitzea aipatu dituzte.
Ogasun publikoaren zuzendariaren dimisioa, Gobernuaren ahuldadearen erakusle
Yolanda Barcinaren Gobernuaren ahuldadearen beste adibidetzat jo du Geroa Baik Idoia Nievesen dimisioarena. Uxue Barkosek uste du larria dela dimisioa eman izana, Ogasuna delako krisi garaian Nafarroaren erronketako bat hobekuntzari begira. Gai garrantzitsua da eta Gobernuak dimisioaren arrazoiak zehazteko agerraldia eman beharko lukeela uste du.
Argazkia: geroabai.com