Santi Leoné pentsalariaren dekalogoa, astero legez, gaurkotasunari buruzko gogoeta kritikoa aireratu du Metropoli Foralean. (Azpian, podcasta entzungai).
Dumb and dumber
Zorionerako, edo zoritxarrerako (naski gehiago zoritxarrerako, zorionerako baino), hainbat gauzatan 80ko hamarkadako semea naiz, eta Mariano Raxoi Espainiako presidenteak atzo Antena 3en eman zuen elkarrizketaren harira hamarraldi hartako Obus taldearen kanta bat etorri zitzaidan gogora, Mentiroso –Gezurtia–. Gauza anitz erran gabe, gai franko ukitu zituen Raxoik elkarrizketa horretan (Kataluniako balizko kontsulta –nyet, nyet, nyet–; azken urteotako erreformak –gora nire ministro ausartak!–; edo aiduru dugun etorkizuna –somewhere over the rainbow bluebirds fly, etab.–), baina interesgarriena, akaso, esaldi bakar batean justiziaren dekonstrukzioa izan zen: erregeak dioen bezala, guziok gara berdinak legearen aitzinean, eta Raxoi seguru dago dena ongi aterako zaiola infantari.
Eta ni seguru naiz –ez seguru-seguru, baina bai franko seguru– Raxoiren segurtasun hori ez dela itxaropen pasibo hutsean oinarritzen. Errege-alabaren ustezko errua desagertuko den bezala, D ereduaren gainean Guardia Zibilak egin omen zuen txostena ere desegin da airean; halere, Carlos Salvador ari da oraindik asmo gaiztoko komentarioak eta aieru maltzurrak egiten Twitterreko bere kontuan: euskal terrorista, bota zuen gure diputatu txit eredugarriak, nonbait hezten da, eta hori ikertu beharra dago. Bistan dena, milaka irakasleren lana eta izen ona zikintzea doan ateratzen zaie batzuei, hemen inork ez baitu dimititu, existitzen ez omen den txosten batean hainbat profesional iraindu ondoan. Are gehiago, iraintze eta zikintze lan hori guziz zilegi bide da, helburua boto batzuk eskuratzea bada.
Kardinal bat, kontseilari bat, sozialista bat: diferente direnak maite ez dituen jendea
Kardinal izendatu berri dutelarik, Fernando Sebastianek, Iruñeko artzapezpikua izandakoak, ahoa ireki eta haren lehen solas pozointsuek Garbiñe Ubedaren azken liburuaren titulua ekarri didate gogora – hobe baitzuen isilik egon balitz. Homosexualak eri daude, erran du gure Fernando ez preseski Amezketarrak, eta tratamendu egokiarekin artatuz gero, sendatzen ahal dira. Berriki, Vatikanoko presidente berriak erran zuen ezin zituela “asmo oneko homosexualak” epaitu.
Galdera da bien adierazpenak kontrajarriak dauden, edo elkarren osagarri diren. Segur aski, Juan Luis Sanchez de Muniain kontseilariak ere ez ditu asmo oneko euskaldunak epaitzen edo gaitzesten; bai, ordea, irratian euskaraz aritu nahi dutenak. Epaileek UPNren azpijokoa gibelat bota duten honetan, Sanchez de Muniainen estrategia zinez maltzurra eta gorrotagarria da, iruzurgile bihurtu nahi baititu gobernuan dagoen alderdiaren arbitrariotasunaren biktima izan direnak. Hondarrean, Kataluniara alde egin beharko dugu, han bai baitituzte hemen eskas ditugun anitz gauza: bertzeak bertze, bertako hizkuntzan egiten duen telebista publiko bat, edo egiazko disidenteak alderdi sozialistan. Iduri du, halere, PSCko zuzendaritza hemengoaren tankerakoa dela: kontsultari dagokionez, bai-baina-ez-baina-aldi-berean-bai estrategia tranpatia hartu baitute (edo, bertzela erranda, Rubalcabak zer dioen, hura eginen dugu). Roberto Jimenezek ez luke hobeki (erran nahi baita, makurrago, eginen).
Vox, herriaren boza, kazetaritzaren boza
Espainian, ustezko ezkerra eskuineratzen den bitartean, eskuina lurralde ezezagunak aurkitzen ari da PPtik eta UPyDtik haratago. Vox alderdi berria sortu da. Sare sozialetan, Angel Errok Berrian salatu zuen bezala, gustu txarreko txisteak hedatu dira Ortega Lararen kontua. Alderdia, nolanahi, graziarik gabeko txistea da berez, haren sortzaileetako baten hitz maltzur edo ergelek erakusten duten bezala: haren ustez, PP ezkerreko edo mutur-ezkerreko politika egiten ari da. Graziarik gabeko komentario gaiztoak entzun eta ikusi behar izan ditugu Burgosko Gamonal auzoko istiluen kariaz hainbat hedabidetan: kale borroka izan dela, euskaldunak ibili direla tartean. Eta ez bakarrik Intereconomían edo 13tv-n. Kazetari izena duten zenbaitek informazio fidagarria (eta ez asmo txarreko propaganda) zabaltzeko interes guti bide dute. Ailegatzen ez zaigun informazio hori aletu zuen astelehenean Paco Rodak Diario de Noticiaseko artikulu eder batean: galerak bertzerik ekarri ez duen Los Arcoseko proiektu ero zentzugabe hori etekin pribatuak emanen dituen negozio errentagarria bihurtuko dute, baina berriz ere herritarren bizkar, gure zergen kontura.
Going to the movies
Martxoaren 2an banatuko dira Oskar sariak, eta dagoeneko badakigu zein diren aurtengo hautagaiak. Zeremoniak eta sarituriko filmek berek, halere, gero eta gutiago erakartzen naute; maiz, pelikula bat aukeratzeko tenorean, Oskar bat jaso izana oztopo izaten da, akuilu baino gehiago. Horregatik, Oskar saririk jasoko ez duelako, joan naiz berehala Aitor eta Amaia Merinoren Asier eta biok ikustera. Filma gomendagarria da, eta hemengoa baino analisi edo komentario luzeagoa mereziko luke. Erran dezagun, momentuz, dokumentalean zuzendariak saiatu dira bertzelako begirada bat ematen guru gatazkari, asmo oneko begirada zintzoa. Filma, teorian, Aitor Merinoren Madrilgo lagunei so dago egina, kanpora begira alegia, haiei azaldu nahi izan baitie nola zen posible ETAkide baten laguna izatea. Bitxia da –eta aski esanguratsua– Madrilgo hainbat zinema aretok uko egin diotela filma proiektatzeari.
Guk, The Sparteens taldearekin batera, nahiko genuke “Jo ta ke” ye-ye erritmoan dantzatu. Goizegi ote da?