Anuska: Urtarrila

Euskalerria Irratia 2014ko urtarrilaren 20a

Hiru aste oso eman ditu urte berriak. Hasiak ditugu urte berri honetarako asmoak: gimnasioan izena eman dute batzuek eta gogoz egin dituzte lehenengo saioak, erretzeari utzi dio hainbatek, hoztutako harreman bat errekuperatzen saiatu da baten bat... Askotarikoak dira planak, eta hilabete honetan Gabon zaharrean askatutako energiak bultzatzen gaitu oraindik.

Gogoan dut Urtezahar gauean nire lagun Lurdesi entzundakoa: nola nabaritzen zuen energia, inguruko jende guztia nola desio onez beterik zegoen, baita fisikoki ere nola eragiten zion. Oso espirituala da nire lagun hau, eta arrazoia eman behar diot, ni bezalako pertsona arrazional batek ere ikus dezake esperantzari irekitako leihoa bihurtzen dela gau magiko hori, eta denontzat batera.

Eguneroko borroka txikien garrantzia nabarmentzea gustatzen zait niri, baina onartu beharra daukat halako atari moduko bat zeharkatzen dugula guztiok urte batetik bestera igarotzean.

Urtarrilaren bigarren astean, horretaz mintzatu ginen afrikar dantzako taldean, oporrak eta gero elkartu ginenean. 2013a joana zela azkenean eta eskerrak, zioten. Hori esateko arrazoiak bazituzten, gertuko pertsona baten heriotza, kasu batean, estutasun ekonomiko larriak, beste batean. Kasu bietan, gertakari hauen itzala 2014ean ere luzatuko da baina gertakaria bera iragana bihurtu da urtearen aldaketaren poderioz, garaitutako zerbait bezala.

Garai ederra da urtarrila ezbeharrak atzean uzteko, integratzeko, bizitzari berrekiteko. Ederra ere proiektu berriak urtarrilean dutenean hasiera. Hor dugu Katakrak edo Txoko Feministakoak martxan jartzen ari diren lokal berria, gure hiriko pare bat aipatzearren... Ez da gauza bera noiz hasten diren gauzak. Ezta noiz bukatzen diren ere.

Aingeruk, adibidez, azken urteetan harreman sentimentalak bata bestearen atzean kateatu dituenak, abenduan eten ditu azken aurreko hirurak, eta nahiko ondo egin du aurrera, baina azken hausturak duela hiru egun harrapatu du, eta zer esango diot animatzeko? Zelako hasiera! Inoiz baino gogorragoa izan behar duela iruditzen zait…

Zer gertatzen da baldin eta ezbeharra urtarrilean baldin badator? Nola aurre egin? Nola, esperantza ireki berria duzunean zaplasteko batez ixten dizutenean? Nola kolpea jasan zure gorputz osoa aurrerapauso bat egiteko jarreran zegoenean?

Sei emakume hil dituzte estatuan urteko lehen egunetan, irakurri nuen aurrekoan. Zelako hasiera! Eta kalera atera behar dugu joan den urtean hainbestetan ni una más ohikatu ondoren. Eta ez da gauza bera. Urtarrilaren paper txurian lehenengo odol tantak, ez dira, ez, besteak baina baliotsuagoak baina gehiago mintzen dizkigute begiak. Urtarrila haur txiki bat bezalakoa da, egiak mozorratu gabe esaten dituena. Indarkeria sexistak ez du etenik izan, baina urtarrilak inoiz baino ozenago esaten digu: ez da bidezkoa.

Urtarrilak ohitura txarrak ez hartzeko, ez jarraitzeko, esaten digu, ez ohitzeko horrelako gauzetara, eta urtean zehar normaltzat bereganatzen joaten garena argitasun mingarriaz erakusten digu. Eskerrak. Eskerrak urtarrilari. Eskerrak baldin eta aspaldiko okerkeriak ikusteko begi berriak, tolesgabeak, baditugu.

Egunak joan egunak etorri, lagun maiteak joango dira, harremanak apurtuko dira, krisiak eragingo digu, bidegabekeriak aurrea hartuko digu zenbaitetan, baina ez gaitezen goizegi zahartu. Urtarrila badoa, baina egunak egunero hasten dira, eta egiten dugun lehenengo gauza begiak irekitzea da, jaio berriak balira bezala.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!