Etxe honi buruz, Euskalerria Irratiari buruz aritu zen Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari eta bozeramaile Juan Luis Sanchez de Muniain joan den ostiralean, Nafarroako Parlamentuan. Norbaiti buruz deus onik errateko ez duzunean hobe duzula isilik egon erraten ohi da. Sanchez de Muniaini buruz, nik behintzat, deus onik ez dut errateko, baina gobernuko kide denez, hau da, ustez nafar guztion ordezkari, ezin naiz isilik gelditu.
Sanchez de Muniainek ikaragarrizko zinismoz jokatu zuen ostiraleko agerraldian. Sententzia beteko dugu, erran zuen, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaiaren harira, baina ez dugu lizentzia nahieran emanen, erantsi zuen. Sanchez de Muniainek hori egotzi zien, bertzeak bertze, Bilduko parlamentariei. Baimena nahieran eman nahi izatea Euskalerria Irratiari. Sanchez de Muniainek eta Nafarroako Gobernu osoak lotsarik ez dutela erakutsi dute. UPNko agintariak baitira orain arte lehiaketa publiko bidez banatutako lizentziak nahieran eman dituzten bakarrak. Eta hori ez dut nik erraten. Hori Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eta Espainiako Auzitegi Gorenak erran dute. Ez behin, ezta bitan ere, hirutan baizik.
Euskalerria Irratiak lizentzia merezi du. Are gehiago, lizentzia berea da. Zuena da. Eta nafarrok ere gobernu hobea merezi dugu.