Aitor Etxarte: X. jaunaren biografia grisa

Euskalerria Irratia 2014ko urtarrilaren 20a

Beti bere tokian izan da. Erregimen aldaketaren bidean zutabe nagusietakoa izan da. Hezkuntza pribatuaren eliz mutila, kultura kritikoaren etsaia, euskarafobikoa, ustelkerietatik gertu. Nafarroako sozialismoa sotanadunen esku zen garaietatik, probintziaren menderatzaileen morroiarena egin du.

Bitarte luze horretan bere ibilbide publikoan, etengabe, ezkerreko hiztegiaren sona zikindu eta irrigarri jarri du. Sekulan ez du erabili, laidotzekoa ez bazen, ustezko bere eremuari zegokion diskurtsoa klase borrokarekin bat eginez, kultura zapalduen alde edo etxeko gerra krimenen kontra. Berbaldietan agertu du bere jardueren norabidea handikien diskurtsoa erabiliz: amejoramentua, demokratak eta besteak, euskaltzaleen inposaketak…

Zerbitzu bikainak eman ditu, ezkerraren bozeramaile izanik, eskuinaren mesedean. Hemendik aurrera hauen fabore eta ohoreak ere jasotzen jarraituko du. Beste sozialista askoren moduan, bidegabekerien aurrean zuhur jokatu du eta itxaropenezko bideak diskretuki zabartu ditu.

Frederiko II.a Handiak, edo Prusiakoak, Estatu Lorazainaren metafora erabili zuen adierazteko aginte despotikoari zegokiola gizaki osasuntsuenak “aldatzea” eta “landatzea”. Gorentasunak, han eta hemen, giza-lorategia kudeatzeko morroi grisak behar izan ditu. X. jaunak zintzo eta diskretuki bete du lana.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!