Sanchez de Muniain: "Ez diogu nahierara emanen lizentzia Euskalerria Irratiari"

Euskalerria Irratia 2014ko urtarrilaren 17a

Sanchez de Muniain Argiaren irudi batean

"Ez diogu nahierara emanen irrati lizentzia Euskalerria irratiari", Nafarroako Parlamentuan Kultura batzordean egin ditu hitz horiek Juan Luis Sanchez de Muniain Kultura, Turismo eta Harremanetarako Departamenduaren Kontseilariak. Auzitegi Gorenaren ebazpenaren ondoren ere, Nafarroako Gobernuak bereari eutsi eta ebazpena aztertu ondoren pausoak emanen dituela gaineratu du Muniainek: "Ebazpena betetzeko zerbitzu juridikoak izanen dira zein bide jarraitu behar dugun esanen dutenak ". Oraingoz argi geratu den bakarra Muniainen ustez, bi irrati lizentzia banatu behar direla berriro.

Inola ere ez dio Euskalerria irratiari zuzenean lizentziarik emanen Nafarroako Gobernuak Muniainen esanetan, "parlamentari batzuek nahi duten arren, irrati lizentzia ez dugu nolanahi emanen". Legeak beteta, prozesuari jarraiki esleituko du lizentzia, haren esanetan.

Euskalerria irratia erne izanen da

Mikel Bujanda Euskalerria irratiko zuzendariak jarraitu du batzordea bertatik bertara. "Nafarroako Gobernuak ez du amore eman nahi", modu horretan laburbildu du Muniainek aditzera eman duena. Bujandak uste du "tentuz" jarraitu beharko direla Gobernuak irrati lizentzien auzian emanen dituen pausoak eta "erne" segitzeko beharra nabarmendu du "trikimailurik" erabil ez dezaten.

Kultura batzordean egin ditu adierazpen horiek Sanchez de Muniain Kontseilariak, Aralar-Nafarroa Baik egindako galdera bati erantzunez. Net 21 eta Libertad Digital irratien lizentzien alokairuaz esan du legearen arabera jokatu dutela.

Tranparik gabe banaketa errepikatzea

Euskalerria Irratiak Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpena baloratzeko prentsaurrekoa egin du gaur goizean, Euskokultur Fundazioan. Honatx agerraldi horretan irakurri dugun agiria:

“Lehenik eta behin, Auzitegi Gorenaren epaiak eragin digun poza adierazi nahi dugu. Albiste ona da Euskalerria Irratiarentzat; Iruñerriko euskaldunentzat; eta Nafarroako Gobernuak modu arbitrario, sektario eta ilegalean jokatzea maite ez duten guztientzat.

Horretaz gain, Nafarroako Gobernuari irregulartasunak eta ilegaltasunak egiteari utz diezaiola exijitzen diogu. Ez dezala tranpa gehiagorik egin. Behingoz, azpikeriarik gabe burutu dezala, amai dezala, 1998 lizentzia esleipena. Eta behin hori egin eta gero, argi ditzala iruzur honetako ardura politikoak. Baita, baleude, ardura judizialak ere.

Diru publikoa xahutzen ari dira prozesua luzatzeko

Oso egoera larria da: Gobernu berrerorle, reinzidente baten aitzinean gaude. Epaileek hiru bider plazaratu dituzte haren aurkako epaiak. Hirutan ebatzi dute legea urratu duela. Aski da. Setakeria eta temakeria gehiagorik ez. Utz diezaiotela behingoz zergadunen dirua xahutzeari prozesu hau luzatuz.

Hamabost urteko atzerapenarekin ari dira. Iruñerriko euskaldunek 15 urte daramatzate haien hizkuntza eskubideak urraturik, irrati zerbitzu erabat legezkoa jasotzeko aukerarik gabe. Euskalerria Irratiak 15 urte daramatza lizentziarik ez edukitzearen kalteak –besteak beste, ekonomikoak- nozitzen. Nork ordainduko dizkigu, nork konponduko ditu kalte horiek guztiak?

Nork ordainduko ditu eragindako kalteak?

Mintza gaitezen aho bilorik gabe, Gorenak gauzak argi utzi ditu eta. Euskalerria Irratiari dagokion emititzeko baimena kendu dio, lapurtu dio UPNko Gobernuak. Hamabost urte daramatza lapurreta hori egiten.

Gure alde dauzkagu epaileak, Europa, foru Parlamentua, Iruñeko Udala, Euskaltzaindia eta arrazoia. Bada garaia UPNko Gobernuak berak sorturiko desastre itzel hau konpontzekoa.

Segregazionismo linguistikoa

Fokua zabaltzen badugu, argi dago: UPN segregazionismo linguistikoa gauzatzen ari da, eta ez bakarrik gure irratiarekin. Nabarmena da EITBren hedabideekin egiten duena ere; oztopoak jartzen dizkio Nafarroatik kanpo baina euskaraz lan egiten duten irrati eta telebista kateak hartzeari. Eta alegaltasunean aritzera behartzen du Iruñean euskaraz emititzen duen irrati bakarra. Berriz diogu: hau segregazionismo linguistikoa da.

Lehiaketa irabazi genuen, lapurreta bat izan da

Azkenik, Gorenaren sententziak zein egoeratan uzten gaituen azaldu nahi dugu: 15 urtez sistematikoki ukatu digute lizentzia. Beti irregulartasunen bidez. Epaileek ere aitortu dituzte ilegaltasun horiek, eta baliogabetu egin dituzte Gobernuak hartu dituen erabakiak. Proiektuak baloratu behar zituena ordezkatu dute, irregularki: zuzendari nagusi batek aurrena, kanpoko aholkularitza enpresa batek, gero.

Emaitza zein izan da? Beti galtzaile Euskalerria Irratia, beste batzuek onura lortzeko. Zehatzago: trikimailu irregularrak erabilita galarazten dute Euskalerria Irratiak lehiaketa irabaztea eta emititzeko lizentzia eskuratzea. Iruzur bat, argi eta garbi.

Euskalerria Irratia da lehiaketa irabazi duena. Irabazten zihoan irregulartasunak egiten hasi ziren arte. Mahaiko kide guztiek sinatua duten lehiaketako zatian (1998an zein 2006an) Euskalerria Irratia da puntu gehien dauzkana. Eta hori indarrean dago: lehiaketa irabazten ari gara. Lehiaketaren bigarren zatian Mahaiak ez du punturik eman. Hori da irregularki puntuatu dutena, eta beraz, epaileek baliogabetu dutena. Areago, Mahaiak baloratu gabe utzi zituen alderdietan, Mahaiak, organu kolegiatua den aldetik, idatziak utzi zituen iruzkin batzuk, balorazio batzuk. Horiek berrartu behar dira. eta gogoeta horiek oinarri hartuta puntuatu behar dituzte proiektuak”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!