“Ez da deus, seme, ez da deus. Tira, segi jolastera!” amak esan ahala, untxiak garrasi egin zuen. Nola ez zela deus? Txilio beldurgarri bat zen, egongelatik aditzen ari nintzena. Ez zela deus? Bazen zer edo zer! Nire susmo guztiak berresteko edo, untxi zuriak berriz txilio ozenago bat bota zuen. Maleta urdin txikian Adidas jartzen zuen, eta baita München, 1972 ere. Barnean ez zegoen, baina, kirol arropa izerditsurik, aitak etxera noizbehinka ekartzen zuen untxi bizirik horietako bat baizik.
Sukaldeko atetik begira, nire begiak erabat finkatuta zeuden untxiaren begi beltz horietan. Gehien asaldatzen ninduena begi beltz horien perimetro gorria zen. Eskolan ikasi berria geneukan nola kalkulatu zirkunferentziaren perimetroa, baina... Zenbat neurtzen du untxi baten begiaren erradioak? Nire begiak ezin ziren aldendu, eta amak zapatak garbitzeko zepillo handia hartu zuenean, arnasari eutsi nion.
Amak zepilloaren giderrarekin untxiaren buru zuria zartatzen zuen bitartean -tak, tak, tak!- eutsi nion arnasari, untxiak mugimendu bortitz antzuak egiten zituelarik. Buruz behera, atzealdeko hanketatik hartuta, untxiak ez zuen ihesbiderik, eta ahotik odola zeriola bortizki mugitzen zen amaren kolpe bakoitzeko, tak-tak-tak! Begi beltzen perimetro gorriak bat egin zuen untxi zuriaren sudurrari eta ahoari zerion odolarekin. Odol zipriztin batzuk konketatik jauzi egin eta zoruko baldosan suizidatzen ziren. Odol tanta lodi bat poltsa urdinera amildu zen eta Adidas hitzak behar ez zuen tilde gorri bat hartu zuen, A maiuskularen gain-gainean: Ádidas.
Munduko gauzarik arruntena balitz bezala, kolpe bat bestearen atzetik eternalak egin zitzaizkidan minutu batzuk iraun zituen sufrikarioak, harik eta untxi zuriak azken garrasi erdiragarri bat bota eta hil zen arte; hilda ere, odol zurrustak ez zuen etenik. Konketaren isurbidetik beheiti zihoan odola ia-ia beltza zen.
“Ez zuen hil nahi malapartatuak! -esan zuen gure amak-. Beste egun batean, beste zerbaitekin egin behar dugu, zepilo honekin ez dago ongi egiterik-eta. Baina, ze ari zara hor, seme? Ez al dizut esan jolastera joateko? Zoaz derrepente!”
Egongelara joan nintzen, baina egun horretan ez nuen jolasteko gogorik izan. Tarea egiten hasi nintzen, eta matematika ariketa batean zirkunferentzia baten perimetroa ebaztea egokitu zitzaidan. Behintzat, galdera ez zen untxi-begiaren perimetroaz. Ez nuen negarrik egin, eta untxiaren garrasiak barneratuegi gelditu zitzaizkidala uste dut, horren iltzaturik gogoan ezen hogeita hamabost urte pasatu diren arren, oraindik aditzen ditut untxi zuri horren garrasiak, zapatak garbitzeko zepilloaren kolpeekin tartekaturik, tak-tak-tak!
Esan gabe doa, ez dut sekula untxikirik jaten. Tak-tak-tak!