Ion Orzaiz: Itxaron gela

Euskalerria Irratia 2014ko urtarrilaren 14a

Ariel Sharonek ez zuen inoiz imajinatu heriotzak errenta aitorpenerako bulego baten antza izanen zuenik. Baina hantxe zegoen. Zenbaki gorridun pantaila beltzari begira. “Hurrengoa: 47” azaltzen zen. Eskuan zeraman papertxoari so egin zion berriz ere: “Zure txanda: 2.658”. Hasperen egin zuen Arielek, eta plastikozko aulkitxoetako batean eseri zen. Ospitaleko bata zeraman soinean, hori baitzen hiltzeko unean jantzita zeramana, eta ipurdi zuria agerian gelditzen zitzaion, buelta ematen zuen bakoitzean. “Hobe eserita, bai”, pentsatu zuen bere baitarako.

 

Hildako jendea ikusi zuen harat eta honat, agiriak eta formularioak eskuan. Burua falta zuten batzuek; hankak, beste askok; eta bakan batzuek urkamenduko soka lepotik zintzilik zeramaten oraindik. Aretoko gibelean zeuden bi ateetatik sartu-irten etengabean ari ziren. Eta horixe irakur zitekeen ateen gaineko karteletan: “Irteerak”, batean; “helduerak”, bestean. Tel-Aviveko aireportua gogora ekarri zion horrek Arieli, baina ez zuen ondo ulertu nondik zetozen bidaiariak, eta batez ere, nora zihoazen. Horretan pentsatzen ari zela, lo gelditu zen plastikozko aulkitxoan.

 

Bere izena entzutean esnatu zen. “Ariel Scheinermann? Ariel Scheinermann jauna?”. Bozgorailuetatik zetorren ahots metalikoa. Hamar bat segundu behar izan zituen Arielek erreakzionatzeko. Urteak ziren inork bere benetako izenarekin deitzen ez zuela. Pantailari so egin zion berriz. Pasatua zen bere txanda. Zenbat orduz egon zen lotan? Ez zekien. Erloju bakarra zegoen itxaron gelan, baina ez zuen orratzik, eta leihorik ere ez zegoenez, ezin asmatu goiza, arratsaldea ala gaua zen. Ospitaleko bata ahal bezain ondoen estutu eta zegokion bulegora abiatu zen.

 

 

Betaurrekoen gainetik begiratzen zion bulegariak. Marradun traje grisa zeraman, 80 hamarkadan jada zaharkituta gelditu zen horietakoa; eta ile koipetsua albo batera orraztua zuen. Kartoizko karpetatxo marroi bat atera zuen mahaiko tiraderetako batetik. Irakurtzen hasi zen, baiezko keinuak egiten zuen bitartean. “Mmhmm...”, “Mmmhmm...”, “aham... bai, bai”. “Gerra heroia zarela jartzen du hemen, Sharon jauna”. Baietz erantzun zion Arielek. 1967an, 1972an eta 1982an. Pozik errezitatu zituen agintari ohiak bere meritu guztiak: Israelgo kolonizazio politikan aitzindaria izan zela, Israelgo nahiz atzerriko estatuburuek bere estrategia militarra goraipatu zutela, eta bere adorea ezaguna zela mundu osoan. “Bai, argi dago hori, Sharon jauna”, erantzun zion bulegariak. “Tira, bada, uste dut amaitu dugula gure lana”. Lasai hartu zuen arnasa Arielek, eta paradisura joanen zen galdetu zion betaurrekodun funtzionarioari. “Bai, baina hemen ez dugu horrelako izenik erabiltzen, Sharon jauna. Batzuentzat paradisua dena, infernua izan daiteke beste askorentzat. Ikuspuntuaren araberakoa da dena”.

 

Ospitaleko bata hartu eta itxaron gelara bueltatzekotan zen Ariel. Han hartu behar zuen paradisura eramanen zuen autobusa. “Itxaron une batez, Sharon jauna”, hots egin zion funtzionarioak. “Azken galdera bat daukat zuri egiteko. Palestinatik heldu zaizkigun hildako batzuen ingurukoa da. Paperak bizkortze aldera, zu bezalako estratega ospetsu bati kontsultatu nahi genion, haiekin zer egin behar dugun”. Irribarre egin zuen Arielek. “Terroristak dira guztiak. Doazela infernura”. Paperei begiratu zien berriz funtzionarioak. “Baina, guztiak bidaliko al ditugu infernura? Haurrak ere bai?”. Arielek baietz egin zuen buruarekin. “Terroristekin gupidarik ez”. Sorbaldak astindu zituen orduan funtzionarioak. “Bitxia da”, esan zuen. “Zure iritzi berekoak dira haiek ere”. Irribarrea hoztu zitzaion israeldarrari. Ez zuen ulertzen. Bulegariak patxadaz azaldu zion: “Haiei ere galdetu egin genien zer zuten nahiago, paradisura joan ala betikotasun guztia zurekin pasa. Eta bigarrena hautatu zuten. Hurrengo autobusean datoz, zure bila”. Bihotza gelditu zitzaiola iruditu zitzaion Arieli, horrek zentzurik ez zuen arren, aspaldi gelditu baitzitzaion. Azken galdera bat hitz-totelka ahoskatzeko adorea batu zuen: “Ba-baina... hau ez al zen paradisua niretzat?”. Eta funtzionarioak erantzun: “Esan dizut ez ditugula halako hitzak erabiltzen. Paradisua egokitu zaizu. Ez dizut esan, ordea, norentzat izanen den paradisua”. Arielek ez zuen jada bere bat estutzeko indarrik, eta ipurdia agerian zuen. Une horretan, geltokira iritsi zen hildako palestinarren autobusa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!