XXgarren mendeko aforismo egilerik onena dela diote. Stalislaw Jerzy Lec poloniarra (1909-1966) familia judu eta noble batean jaioa zen. Totalitarismoen aurka aritu zen bere bizitza osoan. Stalin eta Hitlerren aurka egin zuen borroka eta bi aldiz heriotza zigorretik ozta-ozta libratu zen. Hala ere, umorea ez zuen galdu eta ironiaz hala nola sarkasmoz beteriko lanak osatu zituen. “Orraztu gabeko pentsamenduak” eta “Orraztu gabeko beste pentsamenduak” dira bere aforismo lan garrantzitsuenak.
Josetxo Azkonak hauetako batzuk aukeratu eta euskaratu ditu "Epiktetoren kutxa" saiorako.
*Mundo orok bere soka egokitzen du lepora gehien atsegin duen koloreaz.
*Gizarte-klase bakoitzak badu bere burgesia.
*Hitz egin jakinduriaz, etsaia adi-adi dabilkizu.
*Lurra: galdera-ikur baten azpian dagoen puntu hori!
*Zakur baten gisa jarri zen lau hanketan, zakur baten gisa hil zuten.
*Hil egin zen, baina horrek du frogatzen bizi izan zenik.
*Beti izanen da eskimalik, udaminetan, Kongoko biztanleentzako portaera-arauak ezarriko dituenik.
*Leku hartan arnas egiteko zegoen posibilitate bakarra ez zen gorazarre-oihuak emanez etengabe aritzea baizik.
*Gora aurrerapena” oihukatzen duzunean, galde ezazu beti: “Bai, baina zerezko aurrerapen?”.
*Hainbatek begiekin begiratzen dute, ateko behatxulotik begiratzen duten bezala.
*Gizakia ez dago bakarrik. Norbaitek du zelatatzen.
*Eskatu erreziboa buru-makurtze bat egiten duzuen bakoitzean.
*Argia ekarri nahian ibili zirenetako anitz farola batetik zintzilikatu zituzten.
*Hiltzea da hilezkortasunaren lehenbiziko baldintza.
* Zer eta, kanibalismoaren desagerpena aurreikusten dut. Gizakia nazka eginda dago gizakiaz.
*Izan gaitezen zentzudunak. Ez galde egin jendeari, bizi ote den.
*Baita lau hankako animaliak ere zutik jartzen dira atzeko hanken gainean. Zer ez dugu eginen janagatik, beldurragatik!
*Sartu zure baitan, deitu gabe.
*Jendeak zu entzutea nahi baduzu, ahoa itxi beharko duzu batzuetan.
*Lurrean zeru bila dabilena, loak hartu du geografia klasean.
*Ura leporaino iristen zaizunean, ez kezkatu edateko modukoa ez bada.
*Hau da adimenaren lehenbiziko eginkizuna: adimenaz beraz mesfidatzea.
* Pozez gainezka saltoka zabiltzalarik, begira ezazu ongi, inork lurra ken ez diezazun oinpeetatik.
*Guztiok berdinak gara legearen aurrean, baina, ez ordea, legea betearazi behar izaten dutenen aurrean.
* Kontzientzia hagitz garbia zeukan; ez zuen sekula erabili.
*Honako hau da gizakiari buruzko ezagutzaren garaipena: polizia sekretuaren dosierrak.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!