Jaione Karrera: "Hamabost orrialdeko autoan ez dago froga bakar bat ere"

Euskalerria Irratia 2014ko urtarrilaren 14a

Karrera, Info7-ren irudi batean

Baldintzarik gabe preso hartu dituzte joan den astean atxilotu zituzten zortzi lagunak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasko epaileak hala erabakita. Jujeak “ETAren beso eragilea” izatea leporatzen die, baina defentsako abokatu Jaione Karrerak dioenez, “hamabost orrialdeko autoan ez dago atxilotuen eta ETAren arteko loturen batere frogarik”.

Nafarrak, Mikel Almandoz eta Asier Aranguren, Aranjuezko espetxean daude. Harako bidean zela hitz egin dugu Karrerarekin. Atxilotuak baldintzarik gabe aske uzteko eskatu zion defentsak epaileari, baina baldintzekin libre uztea ere ez du ametitu epaileak. Horretarako hiru arrazoi eman ditu: atxilotuek frogak desegiteko aukera, ihes egiteko arriskua, eta Zuluetaren zein Enparantzaren kasuan, delitua berriz egin dutela eta baldintzapeko askatasuna hautsi dutela. Jaione Karreraren esanetan, “funtsik gabeko arrazoiak dira”.

Bost egun pasa dituzte atxilotuek Tres Cantoseko polizia etxean. Karrerak azaldu duenez, “luzeak egin zaizkie egunak, euren ziegetan, bakarrik eduki dituztelako. Baina, tratua egokia izan da. ez diete legez kanpoko galdeketarik egin”.

"Helegitea aurkeztuko dugu, honek ez baitu ez hankarik ezta bururik ere"

Epailearen aurrean, akusazioak ukatu egin dituzte espetxeratuek, eta ez dute deklarazio gehiago egin, ez dituztelako ikusi euren kontra jotzeko Guardia Zibilak egin dituen atestatuak, epaileak autoan aipatzen dituen dokumentuak. Herriraren aurkako operazioan atzemandakoak direla dio Velascok. Defentsako abokatuek ez dituzte ikusi; prentsan filtratu denak eman dizkie pistak gauzak nondik nora joanen ziren ikusteko. Helegitea prestatzeko agiri horiek guztiak eskuratzen saiatuko direla esan du Karrerak. “Ongi arrazoituriko helegitea prestatu nahi dugu, honek guztiak ez baitu ez hankarik ez bururik”.

Herrira mugimenduaren kontrako operazioan atzemandako dokumentuak aipatzen ditu epaileak espetxeratze autoan. Baina, operazioa Durangoko preso ohien agerraldiaren ondoren etorri da. Jaione Karreraren idurikoz, “horrek agerian uzten du operazio honek inpultsu politikoa duela”.

Iritzi bera agertu dute Metropoli Forala saioan egin dugun solasaldian Ibai Fernandez eta Joxerra Senar kazetariek. Berriako kazetariaren arabera, frogarik gabe, salbuespenezkoa beharko zukeen erabakia hartu du epaileak: atxilotuak baldintzarik gabe espetxeratzea. Ibai Fernandez, Diario de Noticiaseko kazetariaren ustez, ez da kasualitatea espetxeratzeak Durangoko agerraldiaren ondoren etortzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!