Albisteak, azkenotan, saldoka eta abiadura bizian datoz, eta, horregatik, beste edonoiz lerroak eta lerroak idazteko edota minutuak eta minutuak betetzeko balioko zuten albisteei ohi baino tarte txikiagoak ematen ari zaizkie. Etxe honi zuzenean eragiten dion irrati-lizentzien banaketari buruz Auzitegi Gorenak emandako epaia ez da pasatu oharkabean gure artean, baina premia handiagoko berriek protagonismoa kendu diote halabeharrez. Edonola ere, berri pozgarriei, harrera on.
Baina bada isiltasun deigarri bat. Beste hainbat aferatan iritzia emateko hain azkar eta prestu ibili ohi den gobernua isilik gelditu da, kasik mutu, irrati-lizentzien kontu honetan. Azken aste honetako albiste oldeak sortutako zurrunbiloak disimuluan pasatzeko aukera eman dio ziur aski. Mututasun handia izan da harena –galdetu diotenean buruaren hitz zuri laburrek hautsia soilik–, eta adierazgarria. Ozena.