Eroso bizi dira batzuk gerra garaian. Inpunitatea lagun, agintekeria lagun, negozio zikinak lagun. Horregatik, gerra bukatzen denean, urduri jartzen dira, ezeroso, hainbat urtetako pribilegioak galtzearen beldur, ideiak modu libreago batean eztabaidatzearen beldur.
Geurean ere, hamarkada luzeotako gatazka armatua zorionez bukatzen den honetan, badirudi estatuaren hainbat aparatu eta indarrek lehenengo egoeraren nostalgia dutela, eta horretara bueltatzeko ahaleginetan daudela, atxiloketa berriak direla medio, edota manifestazio baketsuak debekatzeko eskaerak direla medio.
Mugimendu antimilitaristak aspaldi argudiatu bezala, gerra garaian autoritarismoa eta agintekeria nagusitzen dira, gizarte partehartzerako aukerak murriztuz. Horregatik, antza, gerra mina dute hainbat aginteriek. Sufritu baino, antza, goxo bizi dira askotan gerran jeneralak.