Idurre Eskisabel: Makillajea

Euskalerria Irratia 2014ko urtarrilaren 10a

Gaurkoan ez nator argazki batekin. Birekin nator. Edo hobeto esan, argazki beraren bi aldaerarekin. Herenegun arratsalde etsigarrikoa da jatorrizko irudia, Espainiako estatu aparatuek Guardia Zibila presoen kolektiboarekin bitartekaritzan ari direnak ehizatzera bidali zituenekoa. Zehazki, euskal presoen abokatuen Hernaniko bulegoko miaketakoa: guardia zibil bat ikusten da, soslaiz, atzera begira, eta nola Ainhoa Baglietto abokatuaren begiradarekin egiten duen topo, eta zeinen iluna den Bagliettoren soa: mindua, etsia, eta amorratua. Haserrea erakusten baitu abokatuaren begirazunak; amorru ezinbestean eutsia bular gainean antxumatuta sumatzen zaizkion besoen jarrerak. Indar handiko argazkia da, gogorra, berez, gertakariaren larritasuna, tentsio handia, transmititzen duena.

Baina Espainiako eskuin gotorrenarentzat hori ez da aski, eta ezin izan dio -berriro ere- fotokazetaritzako lehen araua urratzeko tentazioari eutsi. Hots, ABCko azalerako photoshoparekin manipulatu dute argazkia, beren helburu eta nahietara makurtzeko, ministroak asmatutako etarren akelarrea irudiz islatzeko. Baglietto makillatu egin dute: begi ingurua  belztu diote eta okotz buelta zorroztu,  'Las Brujas de Zugarramurdi' brotxagordikoak estereotipatutako euskal sorgin modernoaren bertsio bat eratzeko; akerra baino ez zaio falta ondoan.

Argia da mezua: gaizto-gaizto-gaiztoak dira abertzale horiek, sorgin ume-jaleak andre guztiak, zapoak baino itsusiagoak -pentsa, nola asmatu duten nekane-en kategoria ere, zenbat txiste euskal andreen flekillo eta feminitate eskasarekin-; abertzaleek ez  dute edertasunik, goxotasunik, arimarik... Alegia, piztia dira, ez pertsona.

Nolanahi ere, ez da ezer berririk. Aitzitik, frankismo gotorrenetik hautsi ez duten tradizio bat da: haur odolez elikatzen ziren munstroak ziren orduan ezkerrekoak, separatistak, juduak, masoiak... erregimenarekin bat ez zetozenak, oro har. Orain bezala.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!