Hasia da neguko merkealdi ofiziala. Ofiziala diot, krisiak beharturik, deskontuak-eta, neguko hasieratik ditugulako dendetan.
Deskontu, aukera berezi, Eguberrietako eskaintza edo merkealdia. Nahi duzun bezala deitu, kontua da bezeroak erakartzea, gurea merke eta ona dela azpimarratuz.
Merkealdiak aukera ematen die kazetariei urteroko irudia hartzeko: denda handi horietako batera kamera sartu eta ateak zabaltzean kanpotik tropelka sartzen diren bezeroak ikusten dira, batzuk estropezuka. Urteroko irudi ergelena zelakoan, oker nenbilen, orain beste batek, are ergelagoak ordezkatu baitu: gazte tropa bat lasterka, baina galtzontzilo eta kulerotan, horrela azkarren sartzen direnek arropa debalde eraman dezaketelako.
Horrelakorik antolatzen ez duen komertzio txikia gutxitan ateratzen dute telebistan. Eta nago saltzaile horiek merezi dutela suerte hoberena, gure hiri eta herrien bizitzarako ezinbestekoak direlako, gugandik hurbil, gurekin bizi direlako.
Merkealdiak almazena hustu eta tenporada salbatzeko balioko ahal die!!