Olatuak sartu ziren Donostiako Alde Zaharrera. Galernak aztoratu zuen Biarritzeko hondartza. Eta aparrak hartu zuen Zarauzko malekoia. Itsaso euskal kostaldean astelehenean, zetorrena iragartzen bezala.
“Mobilitsasoa” deitu du Tantaz Tantak larunbaterako. Euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestazioa. Ematen du aste hasieratik egin digula begi keinua itsasoak. Denak tanta izateko edo.
Idatzi zuen Ángel Errok BERRIAko zutabean, ez zuela bere burua talde handian ikusten. Martxa babestu arren, kosta egiten zaiola “tanta” izatea.
Onartu behar dut, niri ere kostatzen zait batasun saio erraldoietan parte hartzea.
Eta dena, den tenporalak aginduta edo (tenporal politiko-klimatikoak, noski) badut bustitzeko gogoa.
Besterik ez bada ere Bilbon #ItsasoaGara esan beharrean #TsunamiaGara oihuka dezagun.
Espainiako mendeku egiturak urez betezeko. Elkartasun uholdeak denak estali ditzan. Denak, kolore berde zein gorriko txotxongiloak. Denak, frankismoko epaitegiak eta neofrankistak.
OHARRA:
Ohar batekin bukatu nahi dut gaurko idazkia. Beste zutabe bat prestatu nuen. Zortzi atxiloketen harira, beste hainbat kontzeptu etorri zitzaizkidalako arrapaladan. Amorrua. Ezintasuna. Nazka. Gorrotoa.
Baina azkenean, bihotzak eta senak aginduta nahiago dut beste hitz batzuetan sinestu, iritsi den edo iristeke dagoen “Aro berria”ren menetan. Nahiago dut konpromisoaz hitz egin. Eta elkartasunaz. Aurrera begira, joku zikinak baino gehiago balio du eta.