Aitziber Sarasola: “Burua da minbiziari aurre egiteko botikarik eraginkorrena”

Euskalerria Irratia 2014ko urtarrilaren 8a

Aitziber Sarasola, gaur harturiko irudi batean (Castañeda)

Bildu koalizioko parlamentari Aitziber Sarasola Euskalerria Irratian izan dugu. Duela urte bat urdailean tumore gaizto bat aurkitu zioten eta horren ondorioz, erretiratuta egon da azken hamabi hilabeteetan. Kimioterapia saioak hartu ditu, ebakuntza egin diote eta behin osatuta abenduaren hasieran ekin zion berriz ere lanari Nafar Legebiltzarrean.

Esperientzia gogorra izan dela azpimarratu digu. Aldaketa handiak bizi izan ditu denbora honetan. “Fisikoki ez naiz lehengoa, ile motza dut orain, pisu asko galdu dut, urdaila kendu didate. Nolanahi ere aldaketa nagusiak barruan bizi dituzunak dira. Gauzak beste modu batera begiratzen ditut orain. Eguneroko gauza txikiei garrantzia handia ematen diet. Oinez ibiltzea, lagunekin egotea, liburuak irakurtzea.  Horrelakoetan datza benetako zoriontasuna”, hala esan digu Aitziber Sarasolak.

Politika etxeko sofatik jarraituz

Burukomin batekin hasi zen guztia. Ohi baino gehiago nekatzen omen zen. Laster ohartu ziren medikuak tumore gaizto bat zuela gorputzean. Lebebiltzarkide nafarrak aitortu digunez “hasieran lur jota gelditu nintzen, ez nuen horrelakorik espero, asko kostatu zitzaidan aurrera egitea. Onkologoak esan zidan sendatzeko aukera asko nituela. Hitz horiek asko lagundu ninduten. Botikarik hoberena minbiziari aurre egiteko burua da”.

Politikaz ere mintzatu gara. Etxeko sofatik bada ere, gaurkotasuna, gertaerak eta gertakizunak jarraitu ditu. Parlamentua aldatuta, hala aurkitu omen du. “Inoiz baino egoera larriagoan ikusten dut eskuina, bakarrik, noraezean. Nafarroan aldaketa politikoa egiteko oinarriak ipintzeko garaia da eta guztion artean lan egin beharko da”. Hala mintzatu zaigu politikari baino gehiago irakasle sentitzen den emakumea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!